Tmeo komikiaren portada baten antza hartzen ari da errealitatea. Torero bat Valentziako Generalitatearen Lehendakari orde eta Kultura kontseilari, Generalitateko hautagaia tratu txarrengatik kondenatua… Negar egiteko modukoa ez balitz, barre asko egingo genukeen honekin. Baina ez, ez da barregarria, beldurgarria baizik. Memoria historikoaren legea indargabetu, genero indarkeriaren existentzia ukatu, Espainiaren nortasun ikurrak eta batasuna indartu, gaztelania ez den Estatuko beste hizkuntzen kontra egin, kulturaren diru apurrak zezen plazetan inbertitu, familia eredu bakar bat bultzatu eta babestu, haurrek eskoletan sexu heziketa jasotzea galarazi, arrazakeria erakunde publikoetatik sustatu… Voxek PPren laguntzarekin egin nahi duen guzti hori ez da barregarria, baina batzuek bromatzat hartzen dute oraindik. Eta kezkagarriena ez da alderdi ultraeskuindar batek halako programa izatea, zerbaitengatik baita ultraeskuindarra, arazoa da gutxika normaltasunaren barruan sartzen ari dela euren diskurtsoa, eta iritzi publikoarentzat normala bihurtzen ari dela beste alderdi batzuek Voxekin akordioak egitea, eta hainbat iritzi antidemokratiko normalizatzen joatea.

Plan bat dute. Eta plan hori aurrera doa Espainian, Europako beste hainbat herrialdeetan alderdi ultraeskuindarren eskutik bezala. Eta plan horrek ez ditu bakarrik botere publikoak helburu, gainontzeko eragile sozializatzaileak baita ere. Izan ere, Gobernuetara eta hauteskundeetara begira ari gara, baina aspaldi ari dira poliki-poliki txertatzen ideia ultraeskuindar hauek komunikabideetan, sare sozialetan, gure seme-alabek kontsumitzen dituzten produktuetan. Adi hainbat tik-toker gaztek bereziki mutilei bidaltzen ari dizkieten mezuekin. Milioika jarraitzaile dituzten influencer hauek emakumeen eskubideen eta feminismoaren kontrako hainbat ideia ari dira zabaltzen gazteen artean. Azken ikerketek hala egiaztatzen dute. Adi, beraz, hau ez baita komiki bat, errealitate gordina baizik. l