EUSKARAREKIKO inkestek jakingura eta kezka –biak batera– sortzen dituzte eremu urriko beste hizkuntzekin gertatzen den bezalalaxe. Egia da komunikabide “handiek” bi egunetako titularrak eta grafikoak zabaldu ostean ez dutela, tamalez, gogoeta-gune patxadatsu eta didaktikorik antolatzen. Baina ez dezagun geure burua engainatu: komunikabideek eta ikusentzuleok elkar elikatzen dugu; batak eskatu eta besteak eskaini. Gugan dago, beraz, gakoetako bat; euskal-komunitatea euskararekin batera ulertzen dugunongan, alegia.
Euskal Herriko hiru administrazioek elkarlanean abiatutako inkesta soziolinguistikoa iritsi da zazpigarren ediziora. Bertan neurtzen dira, bereziki, euskararen ezagutza eta erabilera, euskaraz egiteko erraztasuna, familia bidezko transmisioa eta sustapenarekiko gizartearen jarrera. Aldi berean, edizio honek azaleratu ditu gure gizartean eratzen joan diren mehatxuen eta aukeren hizkuntza-eraginak. Ezin ukatu 30 urteko elkarlanak eta irmotasunak dakarren potentzialitatea.
Irakaspen asko eta baliotsuak dakartzan inkestak zutabe bat baino gehiago eskatzen dute. Baina hasteko, esan dezadan kolore bizia duela euskarak. Orain 30 urte, 420.000ra ez ginen iristen Euskal Autonomia Erkidegoko 16 urtetik gorako euskaldunak; egun, ia 700.000 gara. Nafarroan 41.000tik 77.000raino joan gara. Ipar Euskal Herrian beherakadak jarraitzen du baina inflexio-puntua oso gertu ikusten da. bestalde, inkestatu gazteenak, 16-24 urte bitartekoak, oso goitik doaz Euskal Herri osoan, aipatu portzentaiak bikoizteraino.
Handiak dira lurraldeen eta eskualdeen arteko aldeak ere; bereziki deigarriak dira mugikortasun ohituren bilakaerak herri euskaldunenetara ekarri dituen hizkuntza-aldaketak.
Badakigu euskararen hiru lurralde nagusietan euskarak duen lege-estatusa zeharo desberdina dela. Hori begien bistan behar dugu izan hizkuntza-hausnarketari tamaina hartzeko. Bi gauzak behar dute batera: herri aginteen sustapen demokratiko sendoak eta herritarron borondateaz gain, eguneroko erabakiak. l