Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Josune Ariztondo

Udaberriarekin batera

Egun hauetako albisteen artean badira ezagunak izan eta sasoika itxuraberritzen direnak; badira, egokitze edo moldaketa-izpirik gabe, errota berean bueltaka dabiltzanak ere. Hauetako bat, Madrileko Kongresuan burutu den zentsura-mozioa izan da. Alderdi aurkezlea, VOX. Helburua, PPri neurria hartzea eta, batez ere, demokraziari haginkada bat gehiago egitea, horretarako edozein bitarteko baitu balekoa. Hautagaia, Ramon Tamames, handinahikeriak gainez eginda, deslekututa eta ultraeskuindarrarekin lerrotua.

Egunak aurretik, diputatu gehienen ahotan entzun genuen mozioa legezkoa bazela baina ez zilegia. Halere, lege-maila duen Kongresuko erreglamentuaren arabera, mozioek eraikitzaile behar dute izan eta hautagaiak gobernu-egitaraua aurkeztu behar du, agintean dagoenarekin erkatu eta mozioaren aldeko botuak bilatzeko ahaleginean. Ez da baldintza horietako bat bera ere bete, hautagaiak argi azaldu du bere asmoetan ez dela egon horretarako asmorik. Non dago bada, legezkotasuna? Erreglamentuaren interpretazio zorrotzagorik ezagutu dugu Euskadin: Madrileko Kongresuko mahai-kideei hobeto atera zaie legea ez betetzea orain 20 urte Eusko Legebiltzarreko presidenteari eta mahaikideei lege beretsua betetzea baino. 

Alderdi politikoei dagokie euren ideologiatik eta interes demokratikotik abiatzea. Eta hori bateragarria da erakunde demokratikoak errespetatu eta, kasu honetan, zilegitzat hartu den mozioan zentratzearekin. Aldiz, lotsagarria da erabaki behar denarekin zerikusirik ez duten diskurtsoez betetzea jarduna. Nabarmenenak, moziogileaz gain, Alberto Nuñez Feijooren ihesa eta PPren zinismo politikoa; hitz lodiz betea eta proposamenez hutsik du zorroa alderdi honek.

Azpimarratzekoak, Compromis, ERC, PdCAT, JxCAT, EHB eta, inor gutxietsi barik, Madrilen euskal-talde nagusia den EAJ-PNV. Konplexurik barik, nor izateko eskubidea tinko adierazi, Tamamesi demokrazia-lezioa eman eta diskurtso antidemokratikoari ausardiaz aurre egin. Horixe da perlamentarismo serioa. Etorriko dira berriak…