IGANDEA. Goizeko 10:30. Donostiako Boulevard-ean milaka kamiseta more. S txiki-txikitik, L handi-handiraino. Gehientsuenek, mototsa buruan. Helburuak, askotarikoak: emakumearen nazioarteko eguna ospatzea, berdintasuna aldarrikatzea, egun alai bat pasatzea, ahizpatasuna sentiaraztea, elkartasuna irudikatzea, historia gogoratzea, etorkizun ezberdin bat amestea, lehenengo postuetan bukatzea, parte hartzearekin nahikoa, emakumeak eta kirola binomioa gizarteratzea, osasuna zaintzea, elastiko estuak jantzita kaleratzea, gizonezko argazkilariei argazkia ateratzeko eskatzea, espaloietan dauden familiakideak eta lagunak kale erditik agurtzea, kausa baten alde izerditzea, ezagutzen ez dituzun emakumezkoekin momentu magiko bat partekatzea, korrikalariei eta espaloietan dauden emakumeei zerbaitek batzen gaituela adieraztea, batukadaren erritmora dantza egitea, ohiko jantzietatik askatu eta gorputzeko atal guztiak aske dituzula korrikan egitea, atzetik dakarkizun bidea aldatu nahi duzula adieraztea, bidean jarri zarela ezagutaraztea, minutu labur batzuez bada ere, zeure buruari festaren, aldarrikapenaren, manifestapenaren, kalearen, gizartearen erdigunean egotea opa diozula onartzea, txalo egin diezazuten uztea, egunerokotasunetik ateratzea, igande goiza zuretzako hartzea, korrikaldiaren ondoren Kontxan bainua hartzerainoko erokeria burutzeko estakurua bilatzea, zapalkeria matxistarik ez duzula onartzen salatzea, ez indarkeria fisikorik, ez menperatze psikologikorik ez eta gutxieste intelektualik ere, norbere buruari ispiluan begiratzeko aldartea aurkitzea, gorputza plazerra sentitzeko eta partekatzeko duzula erakustea, emakumea ustez eta artifizialki ederresten dituzten gailu guztiak alde batera utzi eta zerupekoa datorren bezala hartzea, hitz egitea, korrikan egin bitartean mundua beste era batera irudikatzeko duzun energiaz eta ahalmenaz baliatuta…

Milaka kamiseta more Donostiako kaleetan barrena, aurki emakumearen nazioarteko eguna datorrela gogorarazteko, nork bere baitan konformaezin bizi duen (h)ar horri.