EGUNEROKOTASUNAK hutsaltzen dituen kontzeptuen artean zerbitzu publikoa da bat. Halaxe deitu izan zaio gizartearen ordezkari demokratikoengandik jasotzen den jardun-multzoari. Helburuen artean aipatzekoak dira osasuna zaintzea, kalitatezko hezkuntza eskaintzea, ingurunea babestea eta beste hainbat ongizate-egitasmo gauzatzea; hitz gutxitan esanda, gizarte osoaren duintasuna ziurtatzea.

Halere, badaude ekoizkinak “publiko” izena izan eta erabiltzaileek ordaintzen dituztenak oso-osorik; hor dira SP (ZP) bistan daramaten autoak. Hauek ere badute publikotasun puntu bat, erakundeen esku hartzea baitute. Kontsumitzaileen eskubideak bermatzeko entitateak edo kale-segurtasuna gordetzen laguntzeko tresnak arautu egin behar dira eta horren ardura erakunde publikoena da.

Eztabaidagarria da taxiei edo antzeko eskaintza irekiei zerbitzu publiko izena dagokien, eskaintzailea eta erabiltzailea, biak, pertsona pribatuak izanda. Baina gizartean bizi gara; banakako eskubideekin batera komunitatearenak ere hor dira. Gure herrietan eskaintzen diren zerbitzu eta produktu guztien atzean gizartea dago eta horrek administrazioen interbentzioa dakar, beti ere demokraziaren ildoen eta arauen errespetuan.

Badira erakunde publikoen ardura eta konpromiso askoz sakonagoak eskatzen dituzten jardun estrategikoak. Administrazioak bermatu, ebaluatu eta etengabe egokitu eta hobetzen dituen eremuak dira, jabea izan edo ez administrazioa bera edo bitarteko entitateak erabili edo ez kudeaketa egiteko.

Hezkuntza da horien artean nagusietako bat, ezer bada. Horrexegatik jarri da abian etorkizunerako potentzialtasun berezia duen Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa. Bere baitako ikastetxeen oinarrizko baldintza da balore positiboak eraginkorki garatzea, edozein dela ere jabegoa, izaera juridikoa edo kudeaketa estiloa. Horrexegatik, ez du lekurik segregazioak, ezta generoarenak ere. Ez da onartzekoa nezka-mutilei elkarbizitza ukatzea. Are gutxiago eskola-eremuan. l