Hau urteko azken zutabea denez, aurten gertatu denaren laburpena egin beharko nuke, hau da, zutabea topikoz topiko eraiki beharko nuke, eta urte berrirako asmo onez bukatu. Egia esan, egun hauek oso egokiak dira mota guztietako topikoetarako: Eguberriak maitatu edo gorrotatu; afariak, bazkariak eta janariaren prezioak; senitartekoen bilerak eta iskanbilak; haurren opariak eta ilusioak; Olentzero eta Olentzeroren “nobia”, ume bati entzun nion bezala; argiak eta plastikozko zuhaitz apaingarriz beteak; bidaiatxoak eta trafikoa; makrofestak, makrokontzertuak eta makromaratoriak (karitatea ere topikoa besterik ez da), hemengo eguraldia eta Estatu Batuetakoa; batzuen, batez ere emakumeen, estresa (“urtarrilaren 9ra eroturik ez iristea da nire helburu bakarra” entzun diot emakume bati tranbian)... Zerrenda (barkatu orain ugaltzen diren zerrendei beste zerrenda bat gehitzeagatik) amaigabea da.

Ezin topikoetatik aldendu, agian topikoetan pentsatzea delako egun hauek igarotzeko dugun bide bakarra. Ez dago irtenbiderik. Guztiok gaude harrapatuta. Erresistentzia gogorrena ere topiko bilakatu da. Baina hau ez da ezkortasuna sendotu nahi duen zutabe bat (ahalegina egiten ari naiz), azken finean esaten da topikoetan ere egia dagoela, edo egiaren zati bat gutxienez, egiaren zantzu bat nonbait. Beraz, berdin dio Eguberriak maitatu edo gorrotatzen badituzu, amaitzen ari den urteak beste gerra bat oparitu badigu, honaino iritsi gara bizirik eta, aurtengo Eguberrien egutegia oso mesedegarria suertatu ez bada, denbora libre apur bat izango du jende askok egunotan, eta denbora libre eta duina da, Uxue Apaolazak Euskadi Saria jasotzean esan zuen bezala, dugun altxorrik preziatuena.

Izan bekigu aldeko datorren astea. Izan bekigu aldeko datorren urtea. Izan bekigu aldeko datorren denbora berri hori, jakin badakigun arren denborak ez dituela onartzen jartzen dizkiogun muga horiek guztiak. Barkatu, baina urteko azken zutabe hau topiko batekin bukatzea arrunta bezain lasaigarria da: Urte Berri On.