AMARI zerbait ona oparitzen ziotenean, perfume garesti bat edo markako jantziren bat, beti gordetzen nuen. Halakoak ez ziren edonola eta edonoiz erabiltzeko moduko gauzak, gorde egin behar ziren, haiek estreinatzeko une egokiren baten zain. Perfume garestia armairuan gordeta, amak kolonia arrunt eta merkeago bat erabiltzen zuen egunero. Perfume garestia han geratzen zen, musuzapi brodatuen artean ondo zainduta, perfume bat baino gehiago museoko pieza bat balitz bezala. Hala gertatzen zen ardo botilekin ere, onak beti gordetzen ziren aukera hobea noiz helduko. Eta horrela, amak gauza asko utzi ditu ireki edo estreinatu gabe: perfumea, jaka bat, edo ardo botila bat, haiek erabiltzeko eguna helduko zela sinistuz. Baina kasu askotan ez zen heldu egun hori.

Rafael Berriok “Simulacro” abestian dioenez, “beldur naiz bizitza eman ez ote dudan gauzak une hobe baterako uzten”. Eta, Berriorekin beti gertatzen den bezala, sentitzen dugu guri kantatzen digula bakarrik, gure bizitza ondo ezagutzen duela, askotan gertatu zaigulako denoi gauza bat edo beste egiteko une hobe baten zain geratzea eta inoiz ez heltzea une hori. Berriok kantatzen du: “Temo haber vivido mi vida como si ello fuera un simulacro, como si yo tuviera el don de vivir por mi dos veces, de haber dejado a un lado la que importa en prensa de una vez futura, y haber malgastado en borradores la presente”.

Nire amaren gauzen artean, hasieran aipatu dudan perfumea aurkitu nuen orain dela gutxi. Ireki gabe dago, berrogei urte baino gehiago egin ditu horrela, gogoan dut txikitan ikusi izana. Eta halako zirrara eragin dit, etxera iritsi naizenean zuzenean joan naiz aspaldi oparitu zidaten eta gordeta dudan Gran Reserva bat irekitzera. Une berezi baterako neukan gordeta. Eta, patata-tortilla prestatzen nagoela, pentsatu dut gaurkoa dela une hori, ardoa edan eta Berriorekin batera kantatzekoa “porque la vida sucede a medida que sucede y no hay una vida en serio y otra de licencia”.