Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Ana Urkiza

Urrezko domina

Txikitan entzun eta ikasitakoak betirako gelditzen zaizkigu burmuinean iltzatuta. Horietako esaldi bat dut gogoan urrezko dominaren inguruan. Lan asko egin izanaren fruitua dela erakutsi zidaten. Gutxi batzuek jasotzen dutena. Zerbaitetan onena izatearen ideiari atxikitzen zaiola eta paparrean urrea erakusten duenari miresmena eta errespetua zor diogula.

Aurreko astean, Elkar Taldeak jaso du Gipuzkoako Urrezko Domina, Gipuzkoako Foru Aldundiak esleitzen duen garaikurrik edo aitortzarik handiena, azken 50 urte hauetan euskara eta euskal kulturaren garapenean eta sustapenean egindako lan eskerga eta eskergaitzagatik.

Elkar Taldea, alabaina, liburuak eta diskoak sortu, ekoitzi, banatu eta saltzen duen enpresa talde bat baino askoz gehiago da. Euskara eta euskal kultura garatzen eta sustatzen egindako lanaz gain (gutxi ez balitz ere), euskal balioen transmisore erraldoia izan da: euskararen eta euskal kulturaren herria irudikatzeaz gain, euskararen herriaren “herri” izateko borondatea elikatu du. Horretaz gain, ekintzailea izan da euskal kultur industriaren oinarriak finkatzen, eta euskal kultura ere euskal ekonomiaren parte dela erakutsi du. Baina, oroz gain, berezko egin duen lan moldea erein eta hedatu du: elkarlanarena. Arrakastaren podium-era bakarka igo beharrean, euskal kultur industrian irla bat ez izatea erabaki du, egonkortutako ekosistema handi baten zorua baizik.

Elkar Taldeak duela 50 urte abiarazitako lanari esker, milaka eta milaka euskal herritarri unibertso propio bat ireki zaigu gure ikasketak, gure sormen-lana eta gure herri iruditeria euskaraz garatu ahal izateko. Eta, gaur, euskaraz sortzen, pentsatzen eta bizitzen darraigu.

Duela 50 urte, Jaka anaiek piztu zuten pospoloaren argi txikiak, inguruko iluntasun handia ikusarazi zigun. 50 urte ondoren, Elkar Taldeak urte hauetan guztietan pospoloaren argia hauspotzen egindako lan neurrezinari esker, inguruko iluna ezabatu zaigu.

Gaur, urrezko domina darama Elkar Taldeak paparrean, eta nire miresmen eta errespetu osoa.