LELO hori duten kamisetak ere aurki daitezke: TDS PTS. Edo, bestela esanda: Todas putas, denak putak. Emakumeen aurkako eraso hau ez da gertakari isolatua, ez da unean uneko txiste bat. Manosfera delakoan oso ohikoa da. Foro, blog, Youtubeko kanal, Tik tok eta beste sare batzuetako profilen Interneteko unibertsoa da Manosfera, non misoginia eta emakumeen eskubideen aurkako erasoak ugariak diren. Ugariak baino gehiago, euren izateko arrazoia dira. Manada digitala dira eta euren eginbeharra da sareak polinizatzea emakumeen aurkako gorroto eta indarkeriaz. Horien artean MRA deiturikoak daude (Men ‘s Rights Activists: gizonen eskubideen defendatzaileak), incel-ak (involuntary celibates: emakumeekin haserre dauden gizonak, haiekin arrakastarik ez dutelako), MTGOW (Men Going their Own Way: feminismoak gizartea usteltzen duela uste duten gizonak) edo PUA delakoak (Pick up artists: sedukzioaren eta sexu-arrakastaren coach bezala aurkezten direnak).

Era batera edo bestera deitu, denak dabiltza unibertso beraren inguruan: emakumeen eskubideetan egindako aurrerapenen aurkako erresistentzia eta biktimismoa feminismoak aurrera egiten duen mundu batean. Euren sareetan emakumeak “ehizatu” egiten dira eta haiekin ligatzeko, diotenez, askoz eraginkorragoa da emakumeak gutxietsi haiek ondo tratatzea baino. Noski, genero indarkeria asmakizun ideologiko bat dela defendatzen dute eta bortxaketa bat ez dela bortxaketa, “sexu sorpresa” baizik. Halako perlak aurki daitezke unibertso matxista honetan.

Amorru, frustrazio eta zauritutako harrotasun asko nabari da haien argitalpenetan. Zalantzarik gabe, emakumeek emandako pausuen aurkako erreakzioa da, eta ahuleziaren eta beldurraren sintomatzat har daiteke, baina, kontuz: “Jóvenes en la Manosfera” (FAD Fundazioa) ikerketak ohartarazten duen bezala, unibertso digital matxista hori erabakigarria izaten ari da mutilen sozializazioan. Kezkagarriena, beraz, ez da aldaketa saihestezina ukatzen duten trol batzuk egotea, baizik eta mutil gazte asko (bai, ziurrenik zure semea ere bai) oraintxe bertan haiei begira daudela.