PERTSONEN sailkapen asko egin daitezke, baina badago bat oso garrantzitsua. Badaude entzuteko joera duten pertsonak alde batetik, eta, bestetik, ez daudenak ezer entzuteko prest. Berehala konturatzen zara norbaitekin hitz egiten ari zarenean. Zure hitzari adi egoten dira batzuk. Beste batzuk, aldiz, hitz egiten ari zaren une horretan bere txanda heltzean zer esango duten pentsatzen ari dira. Eta jarrera bat edo bestea aukeratzeak, pertsona horri buruz ia guztia esateaz gain, sakonki markatzen ditu gure harremanak.

Geure ahotsa entzunarazteko inoiz baino bozgorailu gehiago ditugun garai honetan, badirudi jende guztiak hitz egiten duela, baina ia inor ez dagoela entzuteko prest. Hamaika kanal ditugu geure burua erakusteko, baina ba al dago inor beste aldean? Ematen du mantra bat dugula atzetik segika: ez entzun, kontuz, iritziz aldatzeko arriskua duzu eta. Errealitateak titular on bat hondatzearen beldur diren kazetarien antzeko jarrera. Eta garai hauetan errealitateari begiratzeko dugun moduak jarrera hori indartzen du. Sareetan gure pentsaerarekin bat datozen profilak bilatzen ditugu, geurekin bat datozen egileen artikuluak irakurtzen ditugu… Gure iritziak indartzea da kontua, eta, beraz, gure segurtasunetan arrakalak ireki ez daitezen, gor bihurtzen gara ezberdin pentsatzen duten pertsonen aurrean.

Gertatzen da kultur kontsumoarekin, adibidez, anestesiko gisa funtzionatzen duten eta galdera berriak sortaraztea saihesten duten fikzioen gorakada bat dago; baina baita politikan ere. Desafekzio edo urruntze politikoaren arrazoietako bat eztabaida politikoetan gehiegitan sumatzen den gortasuna da. Batek pentsatuko du bestearen hitzei kasurik egin gabe indartu egiten dela bere jarrera, baina, kontuz: ordezkari politikoek ez lukete ahaztu behar noizean behin aurkari politikoari arrazoiren bat aitortzeak on egiten diela. Entzuteko gai direla pentsarazten digulako. Eta politikan eta bizitzan behar-beharrezkoa izateaz gain, entzuteak sinesgarriago egiten gaitu baita ere. l