ZUTABE honetarako zer idatzi pentsatzen ari naizela, erre-tzurrunbiloak inguratu gaitu. (Barka, baina asmoak asmo urruti gabiltza hirugarren errepublikatik; dena ongi baino hobe lotuta dago; ez da haizatu nahi Juan Carlos I. nola ailegatu zen errege izatera) Niri, ordea, Irlandako berri batek eman dit arreta: zortziehun haurren gorpuzkinak aurkitu dituzte komentua izan zeneko eraikin baten putzu septiko batean. Komentua ezkongabeko amen aterpe izan zen 1926-1996 urte bitartean. Kronikak argi uzten du Bon Secour monjek gidaturiko barnetegiak kartzelaren itxura guztiak zituela: mojak agintean, mendean ama errudunak ustekabeko sexu jardun batek haurdun utzi eta betiko pagatzen.

Eszenatokiari dagokionez, ez dago irudimen gehiegirik izan beharrik: eraikin erraldoia, horma gris arrakalatuak, gela handiak, hotza nagusi, eta emakume deslaiak umeak aldean mojen agindu zurrunen pean lan eta lan. Eta batez ere bai amek, bai mojek, bai Eliza Katolikoak, bai garai hartako Irlandako gizarteak emakume haiek zigortu beharra zegoela zuten uste sendoa, jasan beharra zuten guztia merezi zutela zuten segurantzia. Hortik mojek krudeltasunera, esklabotasun moduko sistema antolatzera, umeak hil eta agur erritorik merezi ez zutela deliberatzera ez dago ezer.

Erraza da eszena irudikatzea: ama erruduna seme-alaba hil berritan zigorra etsipen kristauez onarturik izarak hobe garbitzeko agintzen dion moja bere nagusitasunaz harro ikuztegi erraldoian hara-hona dabilen bitartean. (Nora joaten da hildakoen sufrimendua?). Dena, urteetara, Eliza Katolikoak azalpena emateko luzamendutan aritzeko. Ez zaizue ezaguna egiten. Barkatu alderatzea, baina paratu ama dagoen tokian gizon ala emakume bat, eta moja dagoen tokian, utzi moja edo paratu militar bat. Errua ez da ezkongabeko ama izatea, baizik eta guda zibil batean galtzaileen aldean erortzea, baina eraikin hotza, gela erraldoia, hormetako arrakalak, nagusikeria, zigor giroa, bekatuaren zentzua berdinak dira. Esan du zer edo zer Juan Carlos I.ak ezpondetan dauden gorpuzkinei buruz? Esango du Felipe VIak???