Hizketa publikoan, hitza hartzen ari diren guztien ahotan, komunitatea eta zaintza elkarloturik ageri dira. Komunitatea behar baitugu, guztion ongiaren bilaketak elkarren zordun egiten gaituelako. Herri zaintzaile eta lagunkoia izan gaitezen, ezinbestekoa zaigu elkarren artekoa babestu eta praktikatzea. Horrek ez dio norberetasunari kamustuko bere espresio librea. Subjektu librea izan nahi duen pertsonak ezin lor dezake bere gogo hori ongi komunarekin arduratu konpromisoa hartzeko gai ez bada. Elkarri zor diogunari erantzutean datza, hain zuzen ere, norbere buruaren jabe izatea. Gutako bakoitzari, ongizate beteko bizitzak eskatzen digu erantzukizun horien jabe izatea eta, bizilagun eta hurkoekin ariketa komunean, guztion onaren bilaketari etengabe ekitea. Horrela, komunitategintzan arituz, seguru gaude elkarganako zaintzaren oinarriak sendotu ahal izango ditugula.
Abiaburu hauek kontuan hartuta, gaiaren barne-edukiei eutsi nahi izan diegu Sabino Arana eta Oreki fundazioek, joandako maiatzaren bukaeran, antolatutako Mintegian. Bertan, Nerea Melgosa Ongizate sailburuak agertu zuen eztabaidagai nagusia. Ondoren, Sergio Murillo (Orue XXI), Mari Karmen Garmendia (Matia Fundazioa) eta Martin Zuñiga (Deustuko Unibertsitatea) solastu ziren mahaiaren inguruan.
Nerea Melgosa sailburuaren hitzaldiarekin hasi zen jardunaldia. Azalpen sakona egin zuen sailburu andreak. Bere ikuspegiaren oinarriak azaldu zituen, eta perspektiba horretatik eratorritako jardun-lerro estrategiko batzuk ere aurreratu zituen. Oraingoan, errepara diezaiegun lehenengoei. Gizarte-erronka berriek erantzunen paradigma berritu beharrean jartzen omen gaituzte, Melgosaren arabera. Ongizatea ezin dela ulertu ikuspegi holistiko batetik baino, giza-premia guztiei aurre egin eta bizitzaren zentzuari ere arreta eman nahi badiegu.
Horren bitartez, bizi ditugun prozesu ekonomiko, politiko eta sozialak giza-jomugetara bideratu beharra dugu. “Pertsona eta haren proiektuak erdigunean” jarriz. Baina, giza-garapen integrala eta iraunkorra bilatu behar dugu. Eta hori, sailburuaren esanetan, pertsonak komunitatean gara dezakeen eginkizuna da. Sintesi humanista egin behar dugu. Gizarte-politikek ‘moralizazio berria’ behar dute, giza subjektuen elkartasuna eta erantzukidetasuna sustrai dituela. Ondorenez, gizarte harreman eta loturak, partehartze-sareak, belaunartekotasuna eta pertenentzia sentimendua indartu egin behar dira.
“Zaintza harreman-laguntzak dira, pertsonak pertsonei ematen dizkietenak”, dio Melgosak. Baina adi, sailburuarentzat, “laguntzen kontzeptua, zainketena baino zabalagoa da”. Ez da planteamendu dikotomikoa. Gizarte Zerbitzuen Sistema osoa, zaintzetako sarea ere barne hartzen duela, ‘Laguntza’ kontzeptuarekin ezagutu daiteke. Hau esaterakoan, eta euskal komunitatearen baitan sor litezkeen prozesu guztiak giza-jomugetara norabideratuz, ‘laguntzaren’ bisio orohartzaile horretara ekarri nahi zituela iruditu zitzaigun. Guk ere horrela ikusten dugu. Erakunde publikoetatik, bertan errotutako enpresagintzatik, elkartegintza sozialetik eta etxe-auzoen sareetatik egin daitekeen inolako ekarpenik alde batera utzi gabe, balia ditzakegu euskal komunitatea lagunkoitasunean tinkoagoa egiteko. Ez baitaukagu indarrik soberan. “Ekintza komunitarioa da euskal kulturaren nortasun ikurra”, gogoratu zuen sailburuak. Atarramenturik onena atera diezaiegun baliabide komunitarioei, hauetakotik bat bera ere alferrik galdu gabe.
Zaintzaren muinera iritsi nahian, Sergio Murillok ikuspuntu antropologikoa mahaigaineratu zuen. “Pertsonak gara giza-arte batean”. Ondorioz, norbera ezin daiteke izan bestea gabe. Lotura horrek egiten gaitu nor. Bere ustez, tresna eta bitartekoez hitz egiten denbora asko galtzen ari gara. Klabea, ordea, gizakiaren bizitza osatzen duten lotura eta harreman horiek sustatzean dago. Murillok azpimarratu nahi izan zuen ‘giza-artekotza’ hori ez dela legez ezarritakoa, bizitzaren garapen naturalaren emaitza baizik. Legearen xedea, berriz, lotura-harreman horiek babesteko neurriak hartzea litzateke. Zaintzak dakartzan erantzukizunak elkarrekiko lotura horien ondorio dira. Bestearenganako ardura, baina baita bakoitzak bere burua zaintzekoa ere. Esan ohi den bezala: “bestea zaintzeko neure burua ere zaindu beharra daukat”.
Gizarte-zerbitzuek ez dira sortzez berriak, abisatu zigun Mari Karmen Garmendiak. Zaintzen alorrean ere, ez gara ari zerotik hasten. ‘Adankeria’ zantzuak ageri direla dio Mari Karmenek, batez ere zenbait jenderen hitz egiteko moduetan igarri daitekeena. Baina, herri honek urteak daramatza gaiarekin arduratuta. Garmendiak gogoratu zuen Gizarte Zerbitzuak arautzen zituen aurreneko euskal legea ez dela atzo goizekoa, 1982koa baizik. Eta, bere zioen adierazpenean, “inolako bereizkeriarik gabe herritar guztientzako diren gizarte-zerbitzu batzuen herritasuna eta orokortasuna azpimarratzen ditu”. Eta ordutik aurrera egin den araugintza ez da urria izan. Ereduaren taxuketari begira, Mari Karmen Garmendiak zenbait apunte ere egin zituen, oso kontuan hartzekoak direnak: familia kontzeptuaren aldaketa, bakardade egoeraren ugaritzea, arazo demografikoaren larritasuna…
Ikuspegi teknikoa azaldu nahi izan zuen, bere aldetik, Martin Zuñiga, Deustu Unibertsitateko irakasleak. Zaintzaren eredua ezaugarritzeari eutsi zion. Hortxe dago eztabaidaren mamia. Zein da gurea? Zuñigaren iritziz, hemengo eredua familiarista da. Europan ere halaxe da, herrialde bakoitzean familiari laguntzeko politika ezberdinak egin badaitezke ere. Familiak, irakaslearen ustez, bere funtzioa bete beharko luke zaintza sisteman, baina aukerazkoa izan beharko luke, “nahi duen eta ahal duen neurrian zaindu ahal izateko”. Bestalde, zaintza ereduaren formulazioari dagokionez, adostasuna ikusten du Zuñigak indar ideologiko guztien artean, denak filosofia publiko-komunitarioaren inguruan mugitzen direlako. Ez dio erronkari zailtasunik kentzen, baina adostasun “hori baliatu egin beharko genuke”.
Sergio Murillo ez zen guztiz bat etorri azken argudio hauekin. Euskal zaintzetan nagusi den ‘familiarismoa’ abantaila bezala hartu zuen honek. Erlazio komunitarioak etxeetan bizirik irauten dutenaren seinalea. Bere zuzenketa: publiko-komunitarioaren ordez, eredua komunitario-publikoa behar zela erantzun zuen. Zer esan nahi zuen honekin? Publikoak paper sendoa eduki behar duela, zaintzetako alorrean egin dezakeen esku hartzean askatasunezko harremanak babestu eta arduraren praktika sustatzeko, “baina ez dezala harreman komunitariorik desagerrarazi”, zehaztu zuen Murillok. “Berez doana, zertan behartu”, esango genuke Lekuona olerkariaren hitzekin.
Giza garapen integrala eta iraunkorraren bilaketa horretan, Melgosa sailburuak esaten du ‘sintesi humanista’ baten beharrean gaudela pentsamendu politiko-sozialaren barruan. Eta oinarrizko balioak ‘berriro deskubritzera’ deitzen digu, beharrezkoa ikusten duen moralizazio berriari ekiteko. Guztiz ados. ‘Deskubritu’ aditza ondo aukeratua dago. Badena baino ezin baita deskubritu. Gure ustez, euskal tradizioko humanismoak badu, zentzu honetan, zer ekarria sailburuak aldarrikatzen duen sintesi humanistari.
Gogoratu dezagun, euskal gizabidearen tradizioan, giza-bizitzaren zentzua bere ‘zertarakoan’ datza. Barandiaranen hitzetan, “ez gara gure baitakoak”. Zentzuaren galderak elkarrekiko zordun egiten gaitu. Orduan, giza izakia izan daiteke burujabea, baina ez da bere baitakoa, ez da guztiz buruaskia, ez da perfektua eta, gainera, kaltebera da. Ez garelako soilik gure baitakoak, besteren beharra dugulako, erantzule izan eta arduraz jokatu beharrean gaude. Ariketa horrek egiten du bertutetsua giza-artekotzaren etengabeko eraikuntza.
Zalantzarik gabe, ikuspegi honek ere lagun gaitzake oraingotasunean beharrezkoa genukeen ‘sintesi humanista’ aurkitzen. Eta, bide batez, ezinbestekoa dugun ‘moralitate berria’ sortzen, sustrai moralik gabeko komunitaterik ezin iraun dezakeelako.