Aita, Inosen, 1915-I-16an jaio zen Donostian, 98 urterekin hil. Urte luzetan izkutuan idatzi eta ongi gordetako zirriborrotutako gogoeta ugari, baita filofia kutsukoak ere, eta ideia multzoz osaturiko, eta ondoren aurkitutako hainbat orrialde, maitasun osoz, garbitu, eguneratu eta biotzez txukundu eta paratu ondoren zatika argitaratzen ditut, lautan hain zuzen. Gudari izandakoa Saseta Batailoian bere bi anaiekin batera. Espetxeak ezagutu zituena luzaroan, euskal “erresistentzian” aritutakoa, gizon argia, autodidakta, jakituna serioa, nortasun zorrotzekoa, irakurle amorratua, idazle bikaina, euskalduna, abertzalea, fededuna baina ez klerikala. Bere hainbat orrialdek Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteko Egan literatura aldizkarian aspalditxo argia ikusi zuten. Beste batzuk saltoka dabilzkit etxean zehar bere destinoaren zain betiere. Bedi bada hauxe, gaurkoan lehena:
Puntu txiki bat besterik ez da gure planeta. Hori gure galaxian. Eta gure galaxia bera ere gauza gutxitxo da unibertsoan, milioika galaxia daude, edo gaude kosmosean eta. Galduta gaude unibertsoan. Lurra, gu, planeta hau, lau miloi urte t’erdi zahar omen da eta hasieran, itxuraz, harkaitz huts besterik ez zen. Biztanleria sei mila miloi emakume eta gizakume ginen XXI. mende hasieran, eta laster bederatzi mila miloi edo izan gaitezke. Alde nabari ugarituenak Asia eta gero Afrikan bizi direlarik. Horrekin ziur aski munduko politika egoerak aldakuntza handiak sufritu beharko ditu, Txina, India, Errusia, Brasil eta abarrek beren pisua erakutsiko dute, noski, eta emigrazioko mugimenduak larrituko dira estatu industrialetarantz. Gaur egun 6.700 hizkuntza mintzatzen dira gure planetan. Hogei mila hizkuntza hitz egiten omen ziren ez oso aspaldi ere. Lurra dugu, bada, gure bizitoki. Hau dugu zaindu beharreko etxea. Egiaz esan daiteke gure planeta dela dugun altxor bikaina. Giza espeziaren baliabide, salbabide bakarra, gure etorkizuna, gure dena.
Ekologia, planeta berotzearen kontrako borroka, planeta garbiago baten aldeko lana, mundu garbiago bat behar dela. Bizi garen planeta ez da egiaz Utopiek bilatzen zuten “mundu zoriontsu” hura. Hondamendiak egunero, modu eta era jarraikian ari baitira gertatzen: lurrikarak, tsunamiak, baso suntsiketak, animalien espezieak desagertzeak, era askotako kutsadurak. Ekintza kriminalak, terrorismoa, drogen merkatua. Eta hori guztia gutxi balitz, erantsi ehunka milioien premia gorria, miseria latza, konparazioko gutxi batzuen oparotasunaren ondoan, globalizazio ekonomikoak zona handietan sorrarazten duen ezin egona, sida bezalako gaitza... zoritxarraren zerrenda aisa luza daiteke. Aspaldiko dilema etortzen zaigu burura: benetan bizi ote gara kosmos batean ala atzeraka ote goaz kaos aldera? Ala txandaka gabiltza, batzuetan zuzen, oker bestetan? Ala astroen orbitek ere ez, ala bai, dute zentzurik?
Errealitatea hauxe da, estatu nazionalek egiten dituztela herrien arteko harreman nagusiak eta egia ere da estatuak izan direla ez bakerako nazioak baizik gerrarako herriak. Eta badakigu zer diren gerrak: suicidio orokorrak, suizidio itsuak. Gerra batzuek eta besteek galtzen baitituzte, itxurazko garaile suertatzen direnek eta izenezko galtzaileek. Mundu guztia galera lotsagarrian. Denbora zaharretan morrontza hori zen araua, ez noski askatasuna. Hondamen horietatik alde egin nahi izan du mundu aurreratuak, baina leize berean erori egin da berriro XX. mendean bi aldiz milioika hildako sortuz. Bistan dagoenez, oraindik ere zer ikasi gaitza dago.
Estatuak ez dira gauza izan sarraskiak ekiditeko. Aitzitik ez bada. Beharbada herri arteko borrokak estatuek berek bultzatu eta piztuak izan dira. Gaurko egunean 161 estatu, handi eta txiki, aurkitzen dira planetan, humanitatearen onerako eta aurrerapenerako beste hainbeste eragozpen, oztopo eta zailtasun. Burujabetasunak, nolabait, neurritan hartzea eskatzen du zalantzarik gabe arrazoi eta eskubide politikoak nazioez gaindiko erakundeei bidea emanez. XX. mendea amerikanoa izan da indarraren aldetik, ikuspuntu militar, ekonomiko eta kulturaletan. XXI. mendean emigrazioko mugimenduak txit handiak ari dira gertatzen, orain artekoak baino larriagoak, eta aldakuntzak oro har berdingabeak. Txina, India, Errusia eta Brasilen mudantza ikaragarriak produzitzen dira, mundua ez da horren amerikanoa nabarmenki. Guztien onerako suertatuko den gizarte mundialarentzat interdependentzia globala antolatuko ahal da demokrazia eraberrituan egun diren estatuetatik hasiz eta planetaren tontorretaraino ailegatuz. Mundializazioa dator. Lehiaketan ipiniko dira sistemak, organismoak, eskala guztiak.
Hau da erronka, desafio handia. Ideia berriak gizon eta emakume berrientzat. Helburu zuzen, berdin eta bakar bat. Lurtarrentzat internazionalismo noble eta eskuzabala humanitatearentzat. Hitz batean, espiritu berri bat lur zahar baina gizarte berri honen zerbitzurako, itxaropenerako. Izan ere, badago makro-politika edo politika orokor bat begiratzen duena, pentsatzen duena eta zaintzen herri guztien ordenamendu nagusia. Eta badago ere mikro-politika bat, edo politika berezia, zeinaren ekimena bildu egiten da aspektu partzial jakinetan. Azken zentzu honetan aipatzen da, esate baterako, politika ekonomia, politika soziala, politika hezkuntza eta abar. Pertsona garenez, historikoki erantzule, arduradun garen aldetik, gidatzen gaituen helburua askatasuna da: ordena zuzenerako borroka askatasunaren alde.
Zientzia politika, askatasunaren zientzia eta ondorenez. Pertsona gehiagok eutsi eta gorde dezaten askatasun gehiago eta gaiago izan daitezen beren askatasuna erabiltzeko, baliatzeko. Ez gara presentean bakarrik, orainaldian bakaririk bizi. Geroan. Geroan ere bizi gara. Etorkizunean. Etorkizunean asmatzen dugu. Ekintza politiko guztia proiektua da. Pertsona horretan saiatzen da, etorkizuneko ziurgabetasuna murrizten, etorkizuna menperatzen. Destinoa eta patua domina eta menperatzen. Jean Paul Sartrek zorrotz idatzi du literatura eta eragile politikoen artean dauden loturez. Literatura agertzen da askatasunaren ezagutza bezala. Literatura posible ez denean, zail da askatasuna hiritarren artean. Prentsa eta demokrazia lagunak dira.
Gauza jakina denez, Roosevelt zein Kennedy jende intelektual eta trebatuez inguratu ziren, zeinekin kontsultatzeko neurri politiko eta plan garrantzitsuei buruz. Bai horixe, inteligentziaren aldetik ibili behar da fronte guztietan tankera ezberdinetan. Arrunkeria, indiferentzia eta konformismoaren aurka, ergelkeria eta ustelkeriaren kontra, erantzukizun gabeko intelektualen kontra ere. Lan eder batean Lain Entralgok deitu zituena “jakintsu ustelak”, mertzenarioak alegia. Erabateko utopiazalea izan beharko da sinesteko USAko ereduak eta teknikak neurri eta langarik gabe aplikagarri direla non-nahi, edozein tokian. Hori gerta dakioke barrutik makurtua dagoenari ideologia baten alde amerikar way of lifeen mesedetan. Iparramerikar erakundeak onenak direla, Ipar Amerika inozentea eta osoki desinteresatua eta soilki bilatzen duela demokrazia edonon ezartzea eta herrien askatasuna han eta hemen.
Izaki humanoaren destinoa da politika, baina hau ez da ez ingenuitatearen erreinua.
Zientzia politikoaren loraldia uztartua dago heldutasun zibilarekin, parean dabil zabaltasun kulturalekin. Hiru eskema politiko aipa daitezke forma politikoak ulertzeko: 1. Baikortasun antropologikoa: gizakiaren zintzotasunetik hasten dena: Pelagio, Rousseau, anarkismoa, “basati onaren mitoa”. 2. Ezkortasun antropologikoa: aurreko jarreraren aurkakoa: Makiabelo, Hobbes, pentsamendu politikoaren jokaera irrazionalistak, absolutismoa, totalitarismoak... 3. Gizaki erorkorraren tesiak: Teologia kristautik datorrena, bekatu, erredentzioa. Gizakiak onartzen ditu gauza onak eta bertutezkoak. Alabaina, besarkatzen ditu gauza gaiztoak eta biziotsuak. Filosofo ezkorra zen Schopenhauerek nabarmendu zuen aurreiritzien funtzio kreatzailea. Beretzat gizakiaren uste sendo gehienak maskarada besterik ez dira. Jarraituko du.