USKALTZAINDIAREN Hiztegiak horrela definitu du dronea: "Piloturik gabeko aireontzia, urrutitik kontrolatzeko gailu batez gidatzen dena". Halaber, honako testuinguru hau jaso du: "Amazonek droneak erabiliko ditu bere bidalketak egiteko; hori da, behintzat, enpresak esan duena".

Nolanahi ere, droneak errealitate dira jada. Hegazkingintzaren baitan azken teknologia disruptiboa dira, bai eta industria-mota horretanBigarren Mundu Gerratik sortu den asmakizunik garrantzitsuena ere. Esangura horretan, Euskaltzaindiak jasotako definizioa gorabehera, baliteke droneak modu autonomoan aritzea, inteligentzia artifiziala baliatuta, hau da, urrutitik inork kontrolatu gabe. Hori berori aitortu dute Europar Batasuneko 2018/1139 Erregelamenduak eta, oraintsu gauzatutako eraldaketa baten ondorioz, Espainiako aire-nabigazioari buruzko Legeak.

Alabaina, Espainiako antolamendu juridikoa egokitu beharko da aipatu Erregelamendu horrek araututako berrikuntzetara.Hurrean ere, Erregelamendu hori aplikagarri zaie drone-mota guztiei, horien tamaina edo pisua edozein izanda ere. Gainera, ahalbidetzen da droneen bidez garraiatzea merkatu-gaiak, nahiz eta halakoak arriskutsuak izan, eta pertsonak.

Horrek guztiorrek berarekin dakar droneek enplegu berriak sortzeko aukera. Halatan, askotariko enpresak aritu daitezke sektore horretan. Aurrena, droneak fabrikatzen dituztenak daude; hurrena, horietan instalatu ohi den software-az arduratzen direnak; eta, azkena, gainerako enpresa osagarriak. Izan ere,droneak gero eta gehiago erabiltzen dira datuak bildu, hodeian gorde eta denbora errealean aztertzeko.

Ildo horretatik, Espainian droneen sektore zibila garatzeko 2018-2021 Plan Estrategikoak aurreikusitakoaren arabera, 2035erako 11.000 lanpostu sortuko omen dira.

Orobat, droneak sektore askotan izan daitezke baliagarri.

Nekazaritzan laborantzaren errendimendua eta osasuna neurtzeko erabil daitezke, bai eta lainoztatze bidezko tratamenduetarako ere. Artzainek ardiak lur-eremu zabaletatik zehar bideratzeko zein zaintza-lanetarako erabil ditzakete. Bada, Erregioen Europako Komitearen 2019ko irizpen batek Europar Batasunari eskatu zion artzainen enplegua sustatzea, azpiegitura berritzaileetan eta formakuntzan inbertituz. Droneak paketeak eta etxez etxe produktu desberdinak bana-tzeko balia daitezke. Premium bidalketak gauzatzeko erabili ohi dira hirietan, non bidalketok erosketak egin eta ordu gutxitan burutzen diren. Herrialde batzuetan urruti dauden tokietara medikamentuak eta odola eramateko erabiltzen dira. Esate baterako, covid-19aren ondorioz, Txinanlagin-mota desberdinak garraiatu dituzte ospitaleetatik gaixotasunak kontrolatu eta prebenitzeko zentroetaraino.

Edu berean, sarri erabiltzen dira ikus-entzunezko ekoizpenetan, hala nola, iragarkiei, arteari, komunikazioari, zinemagintzari, telebistari eta era guztietako ikuskizunei lotutako jardueretan.

Eraikuntzan baliagarri dira oso, besteak beste, topografia-, jarraipen- eta artatze-lanak egiteko. Instalazio askotako manten-tze-lanetarako ere aproposak dira, batik bat, horiek arrisku handiko jarduerekin zerikusia dutenean. Beste horrenbeste esan daiteke telekomunikazioei dagokienez, adibidez, antena eta komunikazio-dorreak ikuskatzeko, Aseguratze-sektoreari eta higiezinen enpresei begira ere, interesgarriak izan daitezke kasuan kasuko azterlanak egiteko.

Zenbait saneamendu-jarduera eta hondakin eta kutsatzeak kudeatzeko zeregin droneen bidez gauza daitezke. Konparazio baterako, covid-19aren harira, zenbait gune garbi-tzeko, Larrialdietako Unitate Militarrak droneak erabili ditu.

Arrantza-ontziek arrain-sardak bilatzeko erabiltzen dituzte. Horri esker erregaietan diru asko aurrezten dute. Piszikulturan eta akuikulturan ere asko erabiltzen dira, gehienbat, zaintza-lanetan edo informazioa jasotzeko.

Baina, duda-mudarik gabe, une honetan, erronkarik handiena pertsonak garraiatzea da. Horretarako, ordea, ezinbestekoa da aurrerapen teknologikoak hori ahalbidetzea eta garraiobide horien kudeaketa eta trafikoa arautzea.

Edonondik begira dakiola ere, sor daitekeen enpleguaren kalitateaz mintzatzea komeni da, izan daitezkeen arriskuak aurreikusi eta kasuan kasuko neurriak hartzeko.

Datuen arabera, gaur egun, droneen pilotu gisa diharduten guztien %61 beregaineko langile edo autonomoak dira. Baliteke autonomo faltsuak izatea ehuneko horren atzean, eta plataforma zein app digitalen bidez lan egiten dutenen antzeko gatazka sortzea, benetako autonomo edo inorentzako langile diren argitze aldera.

Hala ere, jurisprudentziak dioena aintzat hartzen badugu, badira hipotesi hori baztertzeko arrazoiak, pilotuen eta rider-en arteko desberdintasunak abiapuntu hartuta. Dronearen titularra pilotua izatea zantzu garrantzitsua izan daiteke berau autonomoa dela defendatzeko. Kasu horretan, droneak berebiziko garrantzia du kasuan kasuko zerbitzua eskaintzeko. Ezin konpara daiteke rider-enjabetzapeko telefono, bizikleta edo motozikletarekin, azken horiek plataforma zein appdigitalen mende baitaude. Bestela esanda, rider-en kasuan lanabes teknologikoak dira berebiziko garrantzia dutenak.

Gainera, pilotua denean dronearen titularra, bestelako inguruabar batzuek ere indartzen dute berau langile autonomoa izatearen teoria. Halako inguruabarren artean daude hurrengoak: drone batzuen kostu ekonomikoa; pilotuek izan behar dituzten formakuntza berezia eta gaitasun psikofisikoa, ziurtagiri bidez egiaztatu beharko direnak, eta dronea pilotatu ahal izateko lizentzia edo baimena.

Inguruabar horiek guztiak izanez gero, pilotua eta berau kontratatuko lukeen bezeroa maila berdinean leudeke, hots, pilotuak ez luke izango mendekotasun juridikorik bezeroari begira.

Hori dela eta, pilotuak inorentzako langile izan daitezen beharrezkoa da bestelako baldintza batzuk izatea: dronearen titularra enpresa bada, lana inorentzat egitearen zantzua nabarmen indartuko da. Pilotuak jasotzen dituen jarraibideen norainokoa balioetsi behar da; arean ere, mendekotasun juridikoa izan dadin nahitaezkoa da jarraibideok enkargu hutsa baino sakonagoak izatea, eta zerbitzua emateko moduari erreparatzea, lan-antolaketari alegia. Mendekotasun hori izan dadin garrantzitsua da, berebat, enpresak pilotua prestatu izana, dronea maneiatzeko. Laugarrenik, mendekotasunaren zantzua da, berebat, pilotuak zerbitzua esklusiboki ematea, hau da, ohikotasunez eta modu pertsonal eta zuzenean jardunez. Bosgarrenez, pilotua benetako enpresaburua ez izatea ere erabakigarria da, hots, pilotua ez litzateke izan behar negozio baten titularra eta pilotu horrek ez luke bere enpresa-jarduera merkatuan eskaini behar, ezta jardueraren arrisku eta mentura bere gain hartu ere.

Alabaina, baliteke pilotua autonomo-mota berezia izatea, alegia, TRADE edo ekonomia-mendekotasuna duena. Horrek eragingo luke ohiko autonomoek baino lan-eskubide gehiago izatea. Horrela litzateke, pilotuak diru-sarreren %75 baino gehiago bezero bakar batengandik jasoko balu, betiere,pilotua balitz dronearen titularra, droneak pisu ekonomikoa balu gauzatu beharreko jarduerari dagokionez eta pilotuak bere jarduera antolaketa-irizpide propioekin gauzatuko balu.

Enpleguaren kalitateari helduz, baliteke enpresan droneak sartzearen ondorioz lanpostuak amortizatu behar izatea. Horregatik, lanbide-berregokitzeak gauzatzen ahalegindu beharko litzateke enpresaburua, formakuntza egokia eskainiz ukitutako langileei. Halaber, baliteke langileek jasotako formakuntzari esker mugigarritasun funtzionala gauzatzea. Bada, droneekin aritzeak, beharbada, goragoko eginkizunak gauzatzea eragin dezake. Kasu horretan, langile horiek goragoko eginkizun horiei dagozkien ordainsariak jaso beharko lituzkete.

Bestalde, eztabaidagarri izan daiteke greba-egunetan droneek grebalariak ordeztea. Hartara, legearen aurkakoa litzateke grebaren egunerako aldez aurretik programatutako drone autonomoak eskuratzea edo pilotu berriak kontratatzea. Beste horrenbeste gertatuko litzateke enpresak ohikotasunez erabiltzen dituen drone autonomoak edo pilotuak baliatuko balitu ez dagozkien eginkizunak gauzatzeko. Labur-zurrean esanda, bi kasu horietan greba hautsiko litzateke, oinarrizko eskubide hori egikaritzeko aukera edukirik gabe uzteraino.

Halaber, inorentzako langileen kasuan, enpresaburuak zuzendaritza-ahalmena egikaritzean, droneak erabil ditzake, langileen lana kontrolatzeko eta lan-arriskuen prebentzioaren inguruko neurriak hartzeko, batik bat, ergonomikoak. Lan-arloko osasuna zaintzeko ere baliagarri izan daitezke, adibidez, covid-19aren ondorioz, langileei tenperatura hartzeko. Edonola ere, halako kasuetan enpresaburuak errespetatu beharko ditu intimitaterako eta izaera pertsonaleko datuak babesteko oinarrizko eskubideak. Zinez, langileak eta euren ordezkariak aldez aurretik informatu beharko ditu, esanbidez, argiro eta labur, droneak erabiltzeko arrazoi eta xedeen inguruan.

Droneak baliatzeak eragin dezake jarduera nekagarri, kaltegarri, arriskutsu eta osasungaitzak desagerraraztea. Arrazoi horiengatik kobratu ohi diren osagarri edo plusak galduko lirateke orduan.

Azken buruan, 4.0 Industriak dakarzkigun aukeren eta arriskuen adibide baino ez da droneena.

* Lan-zuzenbideko irakaslea (Deustuko Unibertsitatea)