Ez da ulergarri, ez eta onargarri ere, inolako bermerik gabe, diktadurapean, estatuaren barrunbeak gordetzeko asmoz sortutako lege bat aldatzeko, horrenbeste traba jartzea. Are ulertezinagoa da diktadorea hil eta berrogeita hamar urte pasatxo igaro direnean. Aitzakiak eta prozedura luzatzeko etengabeko saiakerak, halaxe jardun dute hamarkadetan estatuan gobernagarritasunaren ardura izan duten guztiek, batekoek zein bestekoek. Zer dute ezkutatzeko, frankismoan zein diktadorea hil ostean jazotakoei buruz? Zerbait esanguratsua egon behar duelako gizartea heldua ez balitz bezala hartzeko eta gaiari hainbeste buelta emateko.
Madrilen norbait nabarmendu bada frankismoan onartutako lege hori aldatzeko, eguneratzeko eta demokraziaren neurrietara ekartzeko ahaleginetan, pertsona hori EAJko bozeramailea izan den Aitor Esteban izan da, berea izan da etengabeko ekina eta aldarria eta, aldian-aldian, gobernatu eta gobernatzen dutenen sarrailarekin behaztopa egin du. Borondate eza delako lege horrek indarrean segi dezan arrazoi nagusia. Ez da aski estatu- kolpearen dokumentazioa desklasifikatzeko gobernuak hartu duen erabakia, egin duen keinua, gizarte demokratiko batean haratago joatea ezinbestekoa da. Era berean, Ministroen Kontseiluak hartu duen erabakiak beste kontu bat ere jartzen du agerian, bestelako gai zein auziei buruzko dokumentazioa desklasifikatzea eta bistaratzea posible dela, gogoa besterik ez da behar.
Akaso, dokumentazioa azaleratzen denean, ez da ezer berririk azalduko. Izan ere, gai desberdinei buruz horrenbeste idatzi edota asmatu da… eta, halere, komeni da, gezurrak ezesteko, zurikeriak alboratzeko, sasi-egiak baztertzeko eta jazotakoei buruz egia historikoa ezartzeko. Seguruenik, erantzukizun penalak eskatzerik ez da izango, bai, ordea ardura politikoak. Ez bakarrik hartutako erabakiengatik, zuritzeko eta ostentzeko egindako eginahalengatik ere bai!
Hala berean, interesgarria litzateke hamarkadetan pairatu dugun indarkeriaren inguruabarrean dagoen dokumentazioa jendaurrean azaltzea, batzuek sustatutakoa zein estatuak, horri erantzun nahian edo, antolatutakoa. Baliteke miseria ugari azaleratzea, batzuen zein besteen ustezko epika ezerezean geratzea, baina hori ere lagungarri suertatuko litzateke indarkeriari aurre egiteko ez ezik, estatuaren mugak, estatu demokratiko batean oinarrizkoak direnak, zedarritzeko ere.