Gure artean, geroz eta handiagoa da errealitatearen eta errealitatearen pertzepzioaren artean dagoen aldea. Gainera, badira gizataldeak, eta interes politikoak horien atzean, benetako errealitatea desitxuratzen saiatzen direnak, betiere nolanahiko atarramentua bilatu nahian. Horiek horrela, arruntean ikusiko dugu oposizioko alderdi jakin batzuek nola diharduten, ezinegona nonahi eta nolanahi zabaltzeko asmoz, halako plataformak eta bestelako herri-ekimenak sortuz eta hauspotuz. Hauteskundeak izan ostean, aldiz, ezinegona sustatzen eta azpimarratzen ibili direnak irabazle suertatuz gero, direnak direlako plataformak eta asaldariak lausotu eta desagertu ohi dira. Norbaitek aztertu beharko luke gertagarria ote den batzuk hamarkadetan gobernatzen dabiltzan eremuetan inolako ezinegonik ez egotea… Horraino iristen ote da gizarte-kontrola?

Migratzaileen inguruabarrean ere ez dago salbuespenik. Eskuin muturrean lerrotzen direnek gaitz ugariren errudun seinalatu ohi dituzte migratzaileak. Migratzaileak omen dira zerbitzu publikoak zamatzen eta neurriz kanpo baliatzen dituztenak; beraiek dira gure ezintasun ugariren sortzaileak, gabezien erantzuleak, bai eta delitugileak eta beste era askotako gaizkileak. Gutxitan azpimarratzen da, ordea, haien ekarri eta partaidetzarik gabe aldapan gora ibiliko litzatekeela gure gizartea. Orain baino askozaz ere aldapan gorago. Dena atzean utzi behar izan duten pertsona horiek giltzarriak dira hainbat zerbitzuri eusteko orduan, esate baterako, ostalaritza edo nagusien zaintza… osasun zein bestelako zerbitzuetan ere bai.

Itxurakeria ardatz, badira batzuk delitugileen jatorria islatzearen kontra azaltzen direnak. Eta esango nuke, pertzepzioak errealitatetik gero eta urrunago daudenean, gardentasunik ez dagoenean, orduantxe hartzen dutela indarra aurreiritziek, zurrumurruek eta gezurrek, kolektibo jakin batzuk kriminalizatzen ahalegintzen direnentzat bazka oparo bilakatuz. Nago gure gizartea orobat heldua dela eta badakiela pertsona jakin batzuen jarrera eta jokaera testuinguruan jartzen. Horrexegatik, ez ditu pertsona guztiak zaku berean sartzen, Aretxabaletakoak, Aramaiokoak edo Senegalgo Dakar hiriburukoak izanagatik. Hala berean, gardentasun bera baliatu beharko genuke zerbitzuen kudeaketari buruz ari garenean, erantzukizunak zedarrituz, politikoen zein enplegatuen zabarkeriaren edo jardunbide desegokien emaitza direnean.