Urteetan aurrera egin ahala, hainbatetan, azpimarratzen den esaldia da denbora oharkabean igarotzen ari dela. Halaxe adierazi nien, behin batean, Tunisian, eguneko beroetatik ihesi, iluntzean, lurrean eserita zeuden gizonezkoei. Adineko batek, ordea, oker nenbilela eta denbora igaro baino etorri datorrela adierazi zidan. Eskarmentu handiagoa eta bizitzan gertaera ugariago bizi izandakoa izanik, arrazoia eman nion. Halako kontuak datozkit politikaren inguruabarrez hitz egin nahi dudan bakoitzean. Munduko zati batean, gizartea eskuineko ideietara lerratzen ari da, geroz eta modu ageriago batean.

Estatuan norbaitek uste badu eskuinari eta eskuin muturrari aurre egiteko erarik eragingarriena agonia luzatzea dela, uste dut oso oker dabilela. Eskuinaren eta ezkerraren arteko espektakuluaren ondorioz eskuin muturra gizentzen ari da. Hauteskundez hauteskunde ikusten ari garena da ezkerra eta eskuina ahulago daudela eta aldiz eskuin muturra geroz indartsuago dagoela… eta erabakigarriagoa ere badela, diskurtsoak ez ezik politikak ere baldintzatuz.

Madrilen politika egiteko orduan, ezker zein eskuin nagusitu dira iraina, mespretxua, hiperbolea, hurkoa deskalifikatzeko eta abailtzeko mezuak eta abar. Lankidetzarako, herritarren ongizatea bilatzeko, arazoei heltzeko eta irtenbideak bilatzeko asmoak lausotzen ari dira, politika eta politikariak herritarrengandik geroz eta aparteago, urrutiago bizi diren ideia nonahi eta nolanahi iltzatuz. Horrek eskuin muturra gizentzea dakar eta, horri kontra egin nahian, beste muturretan kokatzen diren mezuek zein jarrerek ez dute ezertan laguntzen, gehienez ere gizartearen sektore murritz, sektario eta oso ideologizatu batean izaten ari dira eragina, ez besterik.

Nago politikan sakoneko eraberritzea ezinbestekoa dela. Proiektuak eguneratuz, herritarrekin konektatzen saiatuz, ez haizea saltzeko, ezinezkoak eta bideragarriak ez direnak iradokitzeko eta frustrazioa sortzeko, egiarekin, konpromisoarekin eta arazoei heltzeko borondate sendoarekin herritarren ongizatea bilatzeko baizik. Norbaitek panorama aztertzen badu antzemango duena da agortuta dauden proiektuak eta pertsonak, gainbehera datozen mugimenduak, pertsona baten inguruabarrean gorpuzten ari diren sasi-egitasmoak, gutxi batzuen tripak askatzeko sortuak. Komeni da alderdietako buruzagitzek, bereziki, gure herri-erakunde nagusietan ardura dutenek, gogoeta egitea, eztabaidak saihestuz, tirabirak ezerezean lagaz eta lankidetza areagotuz. Jakinda, gaur eta hemen, Madrilera begira eta Madrilen oso eroso dabiltzan batzuk saiatuko direla giroa garrazten eta ustezko kontraesanak areagotzen.