Erantzukizunak
Bizi garen gizartean, edozein gauza gertatzen dela, beti gabiltza erantzukizunak eskatzen, hainbatetan ez dagokionari. Ez dut Óscar Puentes ministroa trenbide sareko soldadurak egiten ikusten, Espainiako gobernuburua ere ez! Halakoak egingo zituen kontratatutako norbaitek eta beste norbaitek ikuskatu beharko zituen. Besterik da, ministroaren hitzetan, aspalditik desegoki funtzionatzen duten Kataluniako tren zerbitzuaren gainean ministroak zein bere aurrekoek dutena, urteetan behar diren inbertsioak saihestu dituztelako... Beraz, ea noiz zedarritzen ditugun arduradun politikoen, zerbitzuak ematen dituzten enpresen zein enplegatuen erantzukizunak, baitira, hainbatetan izkina egin arren.
Zaldibarko zabortegiaren kasuan ere badira zuritu beharreko erantzukizunak, orduko arduradun politikoen eta udaleko teknikari batzuen partetik. Zaila da ulertzen, baimen batzuk eskatzen, bideratzen eta egin beharreko hirigintza-arloko egokitzapenak egiten direnean, horretan ibili direnek elkarrekin informazioa eta egin beharreko urratsak ez partekatzea, are gutxiago udalerri txiki batean. Besterik da, horretan ibili ziren batzuk asmo txarrarekin ibili zirela pentsatzea. Segurutik, bilatutako aterabidea egokiena zela iritziko zioten… baina ezin da ekidin hartutako erabakiak desegokiak ez ezik ondorio lazgarriak ekarri dituela, borondaterik onenarekin jardun arren. Era berean, ezin uler daiteke zabortegia handitzea ahalbidetu zutenek erantzukizuna beste batzuei leporatu nahi izatea, hondamendia gertatu zenean egin zuten bezala. Horretan ere erantzukizunak daude, nahiz eta sektore politiko jakin bat erantzukizunak hartzera batere ohituta ez dagoen.
Txertoen kontua dela eta, ikusi ditugu Osasun sailburua azalpenak ematen, bai eta Lehendakaria barkamena eskatzen ere. Aurpegia ematea beti da onuragarri, ongarri eta egin behar den zerbait, kritikak jaso arren. Nolanahi ere, harrigarri gertatzen dena da txertoak jartzeko prozesu horretan, non hainbat urrats dauden, ibili diren enplegatuen erantzukizuna non gelditzen den. Izan ere, hemen ez gabiltza Osasun Sailak iraungita egon diren txertoak nonahi eta nolanahi barreiatu dituela, katean etenak eta toki zehatz batzuetan behar besteko ardurarekin ez direla aritu baizik. Hemen beti entzuten ditugu beharginen eskubideen gaineko kontuak eta, inoiz ez, langileek dituzten betekizunen gaineko argibideak eta erantzukizunak.
Edozelan ere, gertaerak ezin ditugu baliatu inor larrutzeko, konponbideak bilatzeko baizik. Irtenbideak denon artean aurkitu behar dira, herritarrak erdigunean jarriz, erantzukizunak hartuz eta zerbitzua hobetzeko ahalegin partekatuak era eraikitzailean bideratuz.
