Aurreko igandean, zirraragarria izan zen Sabino Arana Sariak direla eta, paratutako ekitaldia. Aurpegiak, elkarteak, erakundeak, ibilbideak, konpromisoak, zerbitzu bokazioa eta abar izan ziren oholtza gainean islatutakoak, nork baino nork dirdira handiagoa zuela, den-denak baliagarriak eta ezinbestekoak, are gehiago bizi garen gizartean, non geroz eta jende gehiagok bere zilborrari, ez besterik, begiratzen dion.

Saritutakoen artean zegoen urteetan gure herrian ardura handiak izan dituen Juan Mari Atutxa. Beti da azpimarragarria horrenbeste gertaera, bizikizun, atsekabe eta bizipoz bizi izan dituen baten partetik, hurretik hurrera, testigantza jasotzea. Une zailetan, kolektibo jakin batek indarkeria babesten eta aldezten zuenean, beste aldera begiratzea are erosoagoa zenean, inoren aldetik kritikarik ez jasotzeko espaloitik zein etxeko sofatik gertaera jarraitzea zegoenean, hainbatek hartu zuten izugarrikeriari aurre egiteko ardura, bai eta ardura hori hartzearen ondorioz, mehatxu zein jazarpena jasatearena ere, bizitza arriskuan jartzeraino.

Jakinminez behatu nituen sasoi batean indarkeriaren arrimuan ibilitakoen kronikak eta iruzkinak. Antza denez, erantzun beharrean sentitu ziren, besteak beste, sailburu izandakoak ezker abertzaleak eginkizun daukan ibilbide etiko eta demokratikoari buruz aipamenak egin eta gero. Tamalez, izkina egin zioten kontuari eta Ertzaintzaren ustezko gehiegikeriei buruz autokritikarik ez zuela egin gaineratu zuten, ez besterik. Hitz erdirik ere ez izan zituen ardurengatik, erakutsitako jarrera irmoagatik herritarren ordezkari batekin akabatzeko etengabeko saiakerei buruz. Aipamenik ez, hamarkadetan gure herrian gertatutakoei, denbora luzean eragindako eta iraunarazitako sufrimenduari buruz eta, horretan, dituzten ardurei buruz, ez alegiazkoak egiazkoak baizik.

Hemen ez da inolako epikarik egon! Hemen ez da armaden arteko aurrez aurrekorik, erresistentziarik egon, hemen ez da inolako kontu erromantikorik gertatu, hemen, nagusiki, aniztasunaren eta oinarrizko printzipio demokratikoen kontra jardun duen gizarte honen sektore oso ideologizatu eta sektario baten jarduna egon da, nahigabea sorrarazi, erein eta hedatu dituena… Eta sektore horrek bide bat alboratzea erabaki badu ez da izan akordio bat tarteko dela, bide horren antzutasunaz ohartu direlako baizik. Horrexegatik, oraindik segitzen dute nostalgikoek herra eta jarrera berarekin. Horrexegatik, bizikidetzan aurrera egin ahal izateko ezinbestekoa da eginkizun dagoen bidea albait arinen egitea, denok egiatan, ekintzen bidez, ez hitzez bakarrik, homologatuko bagara.