Urtebete igaro da 2024ko urriaren 29an, uholdeak gertatu zirena Espainian, tanta hotzaren eraginez, Valentzian zein estatuko beste lurralde batzuetan. Hildakoak berrehundik gora izan ziren, gehien-gehienak Valentziako probintzian. Egundoko triskantza izan zen, galdu ziren eta hondatu ziren bizitzengatik, sorrarazitako nahigabeagatik, eragindako kalte materialengatik… Zaila da esplikatzen, are gutxiago ulertzen, abisuak emanda eta sekulakoa gertatzen ari zen bitartean, Valentziako Generalitateko presidentea non zegoen eta zertan ibili zen.

Harrezkero eman diren azalpen guztiak ilunak izan dira, azken batean, erantzukizunak gainetik astintzeko eta ondokoaren bizkar lagatzeko saiakerak edo biktimei bizkarra erakutsi eta areago apalarazteko ekinaldiak. Bistan da gertaera atmosferikoa saihestea ez zegoela Mazonen eskuetan; bai, ordea, kalteak zelanbait arintzeko neurriak ezartzea, ekimenak abiaraztea, bai eta osteko prozesua aitzinatzea ere, behar diren baliabideak jarriz eta urrats eragingarriak eginez. Herri erakundeetako buruek, hala erkidegokoek nola gobernu zentralekoek, eduki dituzten goi-mailako ardurak aintzat hartuta, ez dute mailarik eman, ez hondamendiaren aurretik, ez eta ondotik ere.

Erantzukizunak dituzte behin eta berriz arriskuaz ohartarazi arren, inbertsioak aurreikusi eta gauzatzeko ahaleginik egin ez zutenek eta, tanta hotzaren egunean, herritarrei bizkarra erakutsi zietenek ere bai. Hau ez da munta txikiko hanka-sartzea, ondorio lazgarriak ekarri dituen kudeaketa kaotiko eta arduragabe baten emaitza baizik. Horrexegatik, kalkulu politiko hutsengatik, eskandaluzkoa da batzuek ardura postuetan segitzen dutela ikustea. Valentziako Generalitateko buruak, dimisioa eman behar izan zuen aspaldi eta, zeinahi dela emaitza, hauteskundeak deitu. Aurten, herritarrek herri-erakundeen inguruan izan duten konfiantza ezerezean lagatzea lortu duelako. Alabaina, interes politikoak, besteak beste, biktimen eta berregitearen gainetik jarri dira… Orain, Mazonen ordezkoa bilatzea eta botereari nolanahi eustea da autua. Mazonek ez zukeen iraungo PPren babesa tartean izan ez balu. Horrexegatik, alderdi horrek ere erantzukizunak ditu, herritarrak bere interes partikularren atzetik jarri eta sakrifikatu dituelako. Orain, VOX alderdiak dauka erabakitzeko gakoa edo, hobeto esanda, alderdi horri eman diote giltza. Zirt edo zart egin beharko du: hilotzari sostengua ematea ala herritarren, batez ere gazteenen, babesa jasotzea edo PP alderdia higatzen segitzea ala hauteskundeak deitzea. Hor ere, interesak dira lehenetsiko direnak eta ez, herritarrenak, are gutxiago, tanta hotzaren eragina sufritu zuten herritar andanarena. Horra hor ikuspegi laburra, politikaren alderdirik erdeinagarriena agerian uzten duena. l