Explikaezin
Pasa den asteburuan, hauteskundeak izan dira Argentinan eta, hainbatek iragarritakoaren kontra, Milei presidentea indarturik atera da, bi ganberatan izan dituen ordezkari kopurua dezente haziz. Nago geroz eta eten handiagoa dagoela iritzi publikatuaren eta errealitatearen artean. Akaso, hedabide konbentzionaletan lan egiten dutenak, bai eta iritzi-emaileak ere, nagusiki, jite batekoak direlako eta desirak eta errealitateak bat etorri beharko luketela uste dutelako. Horrek bide dakar, gizartearen gehiengo batentzat, gertatzen ari dena ulertezina suertatzea.
Argentinako presidenteak ikaragarrizko murrizketak eta ekonomia (des)erregulatzeko urratsak egin ditu. Hala eta guztiz ere, herritarren kopuru zabal batek babestea ez ezik indartzea ere erabaki du. Nolatan gertatu da hori? Izango dira AEBko presidenteak hauteskundeen aurretik Argentinaren ekonomiari emaniko babesa aipatuko dutenak; edota, oposizioak, Argentinaren gainbeheran izan duen erantzukizuna dela eta, alternatiba errealik eta ilusiorik eskaintzeko ezgauza dela azpimarratuko dutenak; edota, argentinarren erosahalmena etengabe murrizten ari zen inflazioa zelanbait mendean hartu dela esango dutenak eta abar. Nolanahi dela, emaitzak hor daude.
Gero eta konektatuago dagoen gizarte batean bizi gara… eta, aldi berean, paradoxikoa bada ere, jendea, gero eta bakartiago sentitzen da edota isolatuago dago. Pertsonen arteko harremanak eta bizitza komunitarioa ari zaigu ahultzen eta jendea gero eta zaurgarriagoa, manipulatzen errazagoa da, besteak beste, sare sozialen bidez barreiatzen diren gezur zein mezuen bidez. Hedabide konbentzionalek, establishment-aren zerbitzaritzat hartzen direnek, gero eta sinesgarritasun txikiagoa dute eta sare sozialen bidez jasotzen dena, berriz, berehala, iragazkirik eta mugarik gabe barreiatzen ari da nonahi eta nolanahi, iritziak sortuz eta jarrerak iltzatuz.
Errealitateak bainoago, tamalez, sentsazioek astintzen dituzte barruak. Egoera hau ez dugu konponduko formatu analogikoan sortutakoak euskarri digitalera eramanda, bestela pentsatu beharra dago. Hainbaten kezka segurtasuna; migratzaileen etorrera; lana; bizi-baldintzak; etxebizitza; gehiegizko pisua hartzen ari den, herritarren patrikak husten ari den, gero eta eraginkortasun txikiagoa eta mantentzen garestiagoa den administrazio publikoa eta abar dira… Eta, besteak beste, kezka horiei erantzun behar zaie zintzotasunetik; eraginkortasunetik; konpromisotik; herri-erakundeei darien zama eta burokrazia arinduz; politika publiko errealak (ez gastu korrontea) bideratzeko baliabideak askatuz eta gizartearen aurrerabidea (ez langile publikoena bakar-bakarrik) erdigunean jarriz. Bestela, arriskua dago herritarrek kasu egin diezaieten edozein misiolariren hitzei eta jarrerei, geroago zapuztuta geratuko badira ere.
