Falangekoek haien indar erakustaldi legez Gasteiz hartu izana deitoragarria iruditzen zait. Pentsatzekoa da elkarretaratzeko baimenen bat izango zutela, besteak beste, adierazpen askatasuna, suntsitu nahian ari diren estatu demokratiko honetan jasotako eskubideetako bat delako. Halakoetan, arrunt esaten da Europako herrialdeetan Falangek ez lukeela halako kontzentraziorik egiteko erarik izango. Nago, hala berean, Falangekoei aurre egiteko asmoz, arropa eta kaputxa beltzez jantzita Gasteiza hurreratu zirenek ere ez luketela aterperik izango estatu demokratiko normal batean. Horrexegatik, kezkaz ikusten dut halako jokabideak zein erraz estaltzen, justifikatzen, aldezten eta babesten diren ustezko ezkerreko mugimendu batzuen aldetik.

Gasteiza hurreratutakoek, biek ala biek, badituzte hainbat printzipio erkide: intolerantzia, setakeria, aniztasuna ezabatzeko borondatea, herritarren askatasuna mugatzeko bokazioa, sentimendu jakinak inposatzeko tentazioa eta abar. Bi-biek ez dituzte herri-erakundeak errespetatzen eta, dezaketen guztietan, ahaleginak egiten dituzte herri-erakundeekiko sinesgarritasuna kolokan jartzeko. Ez hori bakarrik, espazio publikoaz jabetzeko, polarizazioa sustatzeko, haiek bezala pentsatzen ez duten guztiak ─ia denak, egia esan─ etsaitzat hartzeko eta aurreiritziz jokatzeko ohitura ere badute… Horrek guztiak aldats behera garamatza eta, ustez, gainditzen ari ginen jarrera totalitarioak elikatzea besterik ez dakar. Hamarkadetako amesgaiztoa gainditzea kostatzen ari zaigun honetan eta, oraindik, eragindako kalteak zelanbait gainditzeko zailtasunak dauzkagun honetan, ez genituzke aldeztu behar bateko eta besteko jarrerak, totalitarismoaren harra, etengabe, elikatzen ari dira eta.

Jokabide batzuei sinesgarritasuna ez ezik zilegitasuna ere ematen zaienean oso zaila izaten da atzera egitea. Horren adibide garbia dugu gure artean azkenaldion indartzen ari diren mugimenduak, sektarismoaren edabetik edaten, indarkeria justifikatzen eta egitasmo politiko jakin bat inposatzea beste helbururik ez dutena. Halakoetan parte hartzen duten ia denak ez dira bazterkerian bizi, eroso bizi den gizajendea da, hautsi nahi duten sisteman hezi, hazi eta bizi direnak.

Askotarikoen artean bizitzea ez da gauza erraza, horrexegatik gehienen artean, ez baitago beste modurik, gutxieneko arauak adostu dira, aldian-aldian aldatu edota eguneratzen joan direnak. Bizikidetza, demokrazia, gizarte honen aurrerapena, kohesioa eta abar kontu delikatuak dira, hauskorregiak jolasean ibiltzeko. Horren guztiaren infrentzua baitakigu zein den, totalitarismoa, nahigabea eta sufrimendua, historian barrena batzuek zein besteek ekarri digutena.