Frantziako Iraultzaren hasieran, iraultzaren printzipioak-eta barreiatu ahal izateko, tokian tokiko hizkuntzak baliatu zituzten horiexek zirelako herritar gehien-gehienek ezagutzen eta erabiltzen zituztenak. Irizpide horrek, baina, ez zuen luzaroan iraun, hiriburuan bestelako ideia bat nagusitu baitzen, hots, tokiko hizkuntzek eta sentimenduek subjektu nazional bakarra eta bateratua eratzea eragozten zuenekoa, eta, hartara, tokiko hizkuntzak baztertu beharrekoak ziren. Une hartan, Paris inguruan erabiltzen zen hizkuntza hedatzeari ekin zitzaion jo eta su, estatu batek eskura dauzkan baliabide guzti-guztiak erabilita. Ideia horretatik edan zuten Espainiako liberalek, iraultzaren abiaburuak barruratu zituztenean… Eta horrek baldintzatu du gure hizkuntzaren bilakaera, nola Frantzian, hala Espainian.
Espainiako ezkerreko zein eskuineko alderdiek eta sindikatuek hizkuntza hegemonikoaren azpian jartzen dute beti hizkuntza-aniztasuna. Lehenetsi beharrekoa gaztelania da, gainontzekoak, ondare edo, gehienez ere, maila mugatu batean eta hegemonia hori zalantzan jartzen ez duten bitartean eta arloetan dira sustatu beharrekoak. Denok daukagu gaztelania ezagutzeko obligazioa, herri-erakundeetan lan egiteko orduan ere bai! Besteak beste, migratzaileek ere gaztelaniaren oinarrizko ezagutza erakutsi behar dute ezinbestean baldin eta naziotasuna eskuratuko badute. Senegaldar, marokoar, ukrainar, errusiar edo dena delako batek ba al du herri-erakundeetan lan egiteko modurik gaztelania ezagutu gabe?
Halakoetan ez ote dago talkarik herri-erakundeetan lan egiteko eta herri-erakunde horrek artatu eta zerbitzatu behar dituen herritarren hizkuntza eskubideen artean? Gaztelaniaren kasuan ez da halako eztabaidarik mahairatzen, ez eta osasun zerbitzuei doakienez ere, nahiz eta toki guztietan zirujau onak badiren, hizkuntzak gorabehera… Zergatik ez dugu zirujau aleman edo ingeles on bat fitxatzen Gurutzetan lan egin dezan? Zentralismoaren ajeetako bat da gaztelania edo frantsesa estatuaren erdigunean jartzea. Gainontzekoek periferia osatzen dute, ez dira beharrezkoak eta, neurri batean, arriskutsuak dira, haien iritziz, estatuaren izaera eta, inposaketaren bidez, urteetan iltzatu duten egoera ahuldu besterik ez dutelako egiten. Ayusok ez dauka arazorik, erreparorik, Madrilen, nazioarteko bilkura batean, entzungailua janzteko.
Hamaika eragozpen agertzen ditu, ordea, bere ustez, gaztelaniaz hitz egin beharko luketen espainolak tarteko direnean. Nago, autogobernuaren alorrean bezala, gure hizkuntzaren eremuan ere, jauzi garrantzitsua egin behar dugula. Begirunez, pertsuasioa edo limurtasuna erabiliz, lurralde eta eskualde bakoitzaren erritmoak-eta kontuan hartuz, baina erabakitasun osoz egin behar dugu jauzi, zentralismoaren olatuak gainditu eta garrantzi hutsaleko hiztun bilakatuko ez bagara.