Síguenos en redes sociales:

Talaieroa

Tempus fugit

Aurrekoan, Eusko Legebiltzarrean, politika orokorrari buruz eginiko eztabaidan, PP-VOX alderdiek osa lezaketen balizko gobernu bat hizpide hartuta, Lehendakariak azpimarra egin zuen eskubide sozial eta politikoen inguruabarrean, bai eta autogobernuaren eremuan ere, une zailak etor daitezkeela. Horiek horrela, testuinguru hori gertatu aurretik, autogobernuaren arloan, hiru alderdi nagusien artean oinarrizko akordioa hezurmamitzeko deia egin zuen. Prozesu hau Gernikako Estatutua osatzeko egiten ari den eginahalekin bateragarria da eta, orain arteko bidea iltzatzeko eta zabaltzeko, baliatu behar da.

Honezkero, alderdiek identifikatuak dituzte adostasun zein desadostasun puntuak, beraz, guzti-guztiek ezinbesteko ariketa egin beharko dute, nahi denaren eta ahal denaren, anbizioaren eta errealismoaren artean adostasunezko zorua eraikitzeko. Oraintxe da mementoa, Eusko Legebiltzarrean zein Espainiako Kongresuan behar diren gehiengoak osa daitezkeelako. Gerorako uzten duenak… aldi luze baterako itxiko du atea! Ondorioz, luzamendurik gabe, gaiari izkina egin eta inor abrozidu gabe, orain da auziari heldutasunez erantzuteko sasoia.

Gernikako Estatutua ahalbidetu zutenen eta adostasun horretatik kanpo geratu zirenen artean hamarkadetan egon den arrakala bideratzeko aukera daukagu eta, herri bezala, dagoen egoerari eta etor daitekeenari erantzuteko helduleku berriak eskainiko dizkigu. Horrek, ezinbestean, paradigma aldatzea eskatzen du guztion aldetik, bereziki, denaren eta ezerezaren dinamikan eroso aritu direnen partetik. Horrexegatik, harrigarria da lau folioko idatzi baten bidez, askotariko pertsonak eta eragileak entzungo dituela-eta, EH Bilduk abiatu nahi duen dinamika. Ulertezina da, ezen, astebete lehenago, diagnostikoan Lehendakariarekin bat egiten zuela adierazi baitzuen. Orain entzuteko baino proposamen ausartak eta errealistak egiteko, anbiguetate kalkulatuan mugitzeko baino zehaztasunen aroa da. Jarrera horrek, ezinbestez, kontraesanak eragingo ditu, kritikak ere bai, barrutik zein kanpotik, baina horixe da politikaren oinarria, askotarikoa den gizarte batean askotarikoen artean adostasunak bilatu behar eta nahi direnean.

Horrexegatik diot paradigma aldaketarena! Daukagunarekin konformatzea ez da bidea, boluntarismoa eta maximalismoa ere ez, besteak beste, gizartea asko aldatu delako, are gehiago aldatuko delako eta Gernikako Estatutua bozkatzeko aukerarik izan ez duen gizartearen gehiengoak bere autogobernua eguneratzeko eskubide osoa daukalako. Ez dezagun, beraz, gizartea alperreko gauzetan entretenitu eta hel diezaiogun gaiari!