Síguenos en redes sociales:

Talaieroa

Jostunak

Gaurtik aurrera, ekainaren 25a bitartean, txapak eramango dituzte aldean milaka lagunek. Batzuk Belarriprestak eta, bestetzuk, Ahobiziak izango dira, eta guzti-guztiek halako borondatea, konpromisoa, erakutsiko dute euskararen alde, jakinda, euskararen alde egiteko modurik eragingarriena nonahi erabiltzea dela, euskara txarrik ez dagoela… edo, egotekotan, txarrena ez erabiltzea dela. Euskararen mugak, nagusiak bederen, gure baitan daudelako, dakiguna erosotasunagatik baliatzen ez dugunean, inertziagatik lekurik ematen ez diogunean, era kontzientean edo ez kontzientean, ukatzen dugunean.

Euskarari buruz asko hitz egiten da, hainbatetan, gaztelaniaz edo frantsesez hitz egin ere eta halakoetan, halako oihartzun modukoa entzuten da: nitaz, erdaraz, ez hitz egin hainbeste eta balia, goza nazazu are gehiago aho-mihietan erabilita! Hori delako bizirauteko, belaunez belaun transmititzeko heldulekurik seguruena, bakarra!

Sasoi bateko apologisten denboratik, euskararen gainbehera ikusten zuten haien sasoitik hona zeharo aldatu dira kontuak. Izan ere, inoizko hiztun alfabetatu gehien ditu euskarak. Inguruabar horretan, hizkuntza hegemonikoak lehenesten dituztenentzat ezin uler daiteke hiztun-elkarte txikien ahalegina, ustez erosoagoa, kosmopolitagoa baita gure izaera bazterrean lagatzea eta hizkuntza hegemonikoen abantailetara lerratzea. Alabaina, zergatik ez da printzipio hori baliatzen eta hizkuntza hegemonikoei aplikatzen, eta bakarra aukeratu mundu osoak balia dezan? Hizkuntza bat ez baita halako arau, hitz eta esamoldeen multzoa soilik, giza komunitate jakin baten komunikazio-tresna ere badelako, mundua irudikatzeko modua islatzen duena, non bizi garen, naturarekiko dugun ikuskera, eta heriotzari zein bizitzari buruz daukagun ikuspegia lau haizeetara barreiatzeko balio duena. Hizkuntza zerbait intimo edo barru-barrukoa ere bada, sentimenduak agerrarazten laguntzen digulako, berbak esaldi batean txirikordatzen ditugun bakoitzean.

Euskaraz mintzatzen den hiztun-elkartea hogeita batgarren mendera iritsi da, iragarle batzuek iristerik izango ez zuela baieztatu arren… Eta bidea egiten segitu behar dugu, amaierarik, etenik, helmugarik ez daukalako bide horrek, baldin IZATEN segitu nahi badugu munduko herrien eta hizkuntzen plazan. Horrexegatik, euskararen aldeko langintza are erakargarriagoa egin behar dugu, alderdikerietatik aldendu behar dugu, gure hizkuntza gizartea bilbatzeko eta gara-tzeko zimentarri bilakatu behar dugu. Horrek, ezinbestean, euskararen biziberritzearen alde euskaldun direnak zein ez direnak, askotariko pentsamoldetakoak, adin-tarte guztietakoak auzolanean jar-tzea eskatzen du, gure hizkuntza inorena barik denona izan dadin, gu guztion elkargune bilaka dadin! Hizkuntzak, tartean geurea, pertsonak josteko, gizartea eraikitzeko, izaera komunitarioa indar-tzeko hari mehe bezain indartsuak dira, baina hizkuntzak ez dira ezer hiztunik gabe, hots, gizartea ehuntzen duten jostunik gabe.