Síguenos en redes sociales:

Talaieroa

Itsasargia

Egunotan hizpide bihurtu da hil berri den Aita Santuaren ordezkoa nor izango den. Pentsatzekoa da, hautatzeko prozesuan parte hartuko duten gehienak Frantziskok izendatu dituenez gero, gogoetaldia laburra izango dela eta azken urteetakoak segida izango duela. Izan ere, askotariko erakundeetan gertatzen denez, beti daude iraganari begira ez ezik berritasunei ateak itxi edota oztopoak jartzen ibiltzen direnak. Are errazagoa da inertziari men egitea eta nekosoagoa bide berriei ekitea. Erakundeetako buruek, gauzak aldatu, eguneratu nahi dituzten bide-egileek, halako bakardadea bizi behar izaten dute eguneratu eta erronka zahar zein berriei heldu nahi badiete.

Bizi garen gizarteko sektore batzuetan halako mesfidantzaz edota mespretxuz bizi dira Elizaren kontuak. Nago Eliza osatu duten hainbatek erein duela giro hori. Elizak eliztarrengandik, gizartetik aldendu den bakoitzean halako eten, lubakia sorrarazi du, bai eta sinesgarritasuna galdu ere, eta, hori gainditzeko, alderantzizko bidea egin beharra dauka. Ezin da txiroen alde agertu oparotasunetik, ezin baztertutakoen alde azaldu distantziatik edota boterearen arrimuan jardunez… ezin gauzak aldatzen saiatu enpatiarik erakutsi gabe, norbera aldatu gabe, arriskatu gabe, nonahi deserosotasunak eragin gabe.

Badakit bizi garen gizartean besteei eskatzen ohituta gaudela. Besteei eskatzen diegu guk geuk egiteko prest ez gaudena edota, hainbatetan, gure eguneroko jardunbidearekin inolaz ere bat ez datorrena. Horrek ez dauka bueltarik! Gure zilborrari begiratzeko ohitura zabaltzen eta izaera komunitarioa ahultzen ari den honetan, itsasargiak behar ditugu nonahi, baldin eta gure giza oinarria are gehiago ahulduko ez bada, oihanaren legera, dena eta gehiago izanda, gehien daukatenek gainerakoei gutxienekoa ukatzen dieten araua gailenduko ez bada.

Gizateria ezin itzulizko tunelean sartzen ari da balioei zein bestelakoei doakienez. Boteretsuenak indarra baliatzen ari dira, ahulagoak direnak mendean hartzeko edota gutxieneko eskubideak ez dituztenak zanpatzeko. Horrexegatik behar da ororen gainetik ahots indartsurik, halako indar morala boteretsuentzat deseroso suertatuko dena eta, aldi berean, lagunkoia izango dena, bidelaguna, baztertutakoen egoera jasotzen ahaleginduko dena eta denok mundu bakarra partekatzen dugula azpimarratuko duena. Bizi eta bizitzen laga, elkarren ondoan, elkarri lagunduz, denon artean gizarte hobea eraikitzeko helburua daukagula. Izan dadin denboraren joanean aurrera egin dugun adierazle eta, ez, atzera goazenaren adibide.