Gure poetek hainbatetan erabiltzen duten metafora da iturri zaharretik isurtzen eta etengabe berritzen den urarena. Zaharra da gure herria, aspaldikoa delako, berezko izaera duelako eta, denboran zehar, munduko herrien, hizkuntzen eta kulturen plazan egotea aldarrikatu eta bilatu duelako. Ez gara inor baino gehiago, ez eta inor baino gutxiago ere! Horrexegatik, atentzioa deitzen du boteretsuagoak direnen jarrera, gure izaera urtzen, desegiten ahalegintzen direnean eta baztertzaileak garela esanez mespretxatzen gaituztenean. Ez da izango ditxosozko batasun horren zimentarriak ahulak direlako, bestelako izaerak dituztenak etengabe azpiratzearen gainean eraiki direlako? Gure Aberria txikia eta askotarikoa da, lurraldez, paisaiez, pentsaeraz, ibilbidez eta abar. Horrek eraman gaitu dena ala ezereza aldarrikatu dutenen ondoan, egitasmo ireki, demokratiko eta partekatu bat egituratzea abertzaletasun demokratikoaren aldetik. Horrek eraman gaitu inoizko aberri egiturarik sendoena izatera, bai eta emeki-emeki indartzen joatera ere. Baina desafioak izugarriak dira, erronkak eta aukerak ere bai! Horrexegatik, ezinbestekoa da abertzaletasun demokratikoak bere egitasmoa eguneratzeko eginahalak egin eta presentzia indar dezan, azkenaldion egiten ari den bezala. Historiak erakusten digunez, abertzaletasun demokratikoa izan da eta bada gure herri izaeraren aurrerapenari loturiko ekarpenik esanguratsuena, iraunkorrena, sendoena eta arrastorik sakonena laga duena. Badira beste batzuk halakorik esaterik ez dutenak, besteak beste, aniztasunaren ukazioan, demokraziaren printzipioen hausturan eta inposizioan ardaztu eta ardazten dutelako beraien proiektu politikoa.

Gure aurrekoak jakitun ziren aurrealdean lurralde boteretsuak daudela eta asmoz eta jakitez aritzea ezinbestekoa dela… anbizioa eta errealitatea uztartzen saiatuz. Gaur eta hemen ez gabiltzalako torlojuak egiteaz berbetan, gizartea poliki-poliki eraldatzeaz baizik, galdutakoa berreskuratzen saiatzeaz ari gara, munduko nazioen plaza handian tokitxo bat izateaz, betiere aldarte onez, irekitasunez, indarra eta indarkeria baztertuz, pertsuasioa erabiliz, herri honekiko maitasuna eta konpromisoa nonahi zabalduz.

Desafioak horren handiak dira non Urkiolara iritsi nahi duen txirrindulariak gailurrera iristeko pedalei etengabe eman behar dien bezala, nagiak eta erosotasunak astindu behar ditugun eta, dena eginda dagoelako ustea bazterrean utziz, bidea egin behar dugun, tropelaren babesa ahaztu gabe, ez dugulako gutxi batzuk iristea nahi, ahalik eta gehien baizik. Gure herria denona, denontzat eta denon artean egin behar dugulako. Gure Aberriaren mugak gure baitan daude gehienak! Izan ere, gure aurrekoek erakutsi ziguten bidea egin zitekeela, are baliabide gutxiago, aitortza apalago eta abar urriago izan arren. Lehen eta orain, anbizioa, batasuna, auzolana, konpromisoa, kemena… eguneroko lana izan bitez gure Aberriaren, aberrigintzaren oinarriak!