Síguenos en redes sociales:

Talaieroa

Talentua erakarri

 Mendeetan zokoratua izan den hiztun elkarte batek eta, XXI. mendean, hainbat eremutan, bere garabidea une oro oztopatuta duen batek eskatzen duen gutxienekoa da askotariko eragileak beraren egoeraz jabe daitezen, bai eta hiztun elkarte horrek bere hizkuntza normalizatzeko eta biziarazteko egiten diharduen ahaleginari sostengua ematea ere. Printzipio horren kontra azaltzen edota ahalik gehien murrizten saiatzen dira hizkuntza hegemonikoak nonahi eta nolanahi ezartzearen alde daudenak. Besterik da horien jarrera eta adierazitako mezua, beste lurralde batzuetan gaztelania edo frantsesa bazterrean laga eta ingelesa orokortzeko hartzen diren erabakiak tarteko direnean.

Euskara normalizatzeko oinarrizko araubidearen eta sustapen politiken zimentarriak dira, besteak beste, erreparazioa, herritarren borondatea zein errealitate soziolinguistikoa ardatz hartzen dituen hizkuntza politika mailakakoa. Testuinguru horretan, hainbat arlotan garatu diren politikekin gertatu den antzera, deserosotasunak onetsi behar dira, inertziak ahulena are ahulago jartzen duelako eta indartsua berriz indartsuago. Gure gizartea ez litzateke den modukoa izango indartsuenaren, oihanaren legea onetsiko bagenu.

Nago Kutxabank-eko buruak laprast egin duela atzerriko talentua erakartzeko ahaleginetan euskara oztopoa dela adierazi duenean. Izan ere, argudio berari tira eginez, pentsatzekoa da aleman hiztun batentzat gaztelania ere oztopoa izango dela, lauzpabost urtetan hemen lanean jardun eta beste norabait joateko asmoa izanez gero… Ala, gaztelaniaz edo frantsesez badakite lehendik hona datozen ingeniari eta bestelako talentudun guztiek? Eta horren trebeak, talentuaren jabe direnak ez ote dira beste lurralde batzuetako errealitateetara moldatzen, burbuila batean biziko ez badira!

Gure errealitateak egunero erakusten diguna da milaka eta milaka herritar ari direla euskaraz eta euskara ikasten, jatorria zeinahi dela eta, hainbatetan, talentudun horiek baino aukera eta baliabide urriagoak, eta, batzuen aburuz, gaitasun apalagoa dutela. Pentsatzekoa da Kutxabank-eko buruak beste horrenbeste egin behar izan duela, bere ama-hizkuntza baliatzen ez den lurraldeetan jardun duen bakoitzean. Beraz, ona litzateke agintariei, hanka sartzen dutenean, zuzentzeko eskatzen zaien eran, eginiko adierazpenak zuzen daitezen eskatzea: errealitatea guztiz bestelakoa delako, euskarak aukerak mugatu baino ateak irekitzen dituelako, euskarazko irakaskuntza inklusiboa eta eleaniztuna delako, euskal herritarrei zor zaielako eta, horrezaz gain, kontraesanean dagoelako Kutxabank osatzeko duten kutxek urteetan euskal kulturarekiko eta euskararekiko erakutsi duten konpromiso eta atxikimenduarekin.