Erlijio gerren inguruabarrean, Bernard Etxepareren argitalpen ezaguna ozta-ozta edo txiripaz salbatu zen, fundamentalismoarentzat desegokiak ziren liburuak nonahi erretzeko ekimen negargarritik. Izan ere, inor ez zen ausartu Frantziako Erregearen biblioteka pribatua arakatzen, edukiz husten eta bertan gordeta zeuden askotariko liburuak erretzen, bestelako bildumekin gertatu zen bezala. Garai harexetan –eta gaur egun ere, esango nuke– sua baliatzea zen ideiak, pertsonak eta eremuak suntsitzeko, desagerrarazteko baliabiderik behinena. Alabaina, Etxeparek eta berak idatzitakoak iraun dute, euskara plazara, mundura jauzi egiteko deia munduan barrena zabalduz, euskararen aldeko jardunari arian-arian lotu behar gatzaizkiola aldarrikatuz.

Etxepareren aldarria baliatu du sortu berri den Euskorpora elkarteak, euskara eremu digitalean ahalik eta indartsuen egon dadin. Erronka ez da makala, baitira bestelako hizkuntzak eremu honetan milaka miloi inbertitzen ari direnak. Kontua, baina, ez da hizkuntza hegemonikoen euskarazko ispilua sortzea, gure txikian, gure hiztun-elkarteari begira, bera indartzen jarraitzeko, alor horretan, dauzkan beharrizanei eta etorriko direnei erantzuten ahalegintzea baizik. Aspaldiko partez, Eusko Jaurlaritzak, Euskaltzaindiak, zentro teknologikoak, ikertegiak eta enpresa pribatuak bildu dira euskararen inguruabarrean, jauzi berria emateko, gure hizkuntzak munduko hizkuntzen plazan toki bat izan dezan.

Ez da ahalegin endogamikoa, euskararen arrimuan ari direnek sortua, zenbaitetan, epe laburrera begira bitarteko gehiago lortzeko asmoz sortutakoa… Haratago doan kontua da, erronka handi bati herri gisa erantzuteko, askotarikoen arteko auzolanaren emaitza baizik, gerora, indar eta ahalegin gehiago biltzeko bokazioa barruratzen duena.

Egun, eskuartean dauzkagun erreminta ia guztietan, hizkuntzak ardatz dituzten askotariko aplikazioak baliatzen ditugu: itzultzaile automatikoak, askotariko kontsultak, zuzentzaileak, ahotsak ezagutzeko edota erreproduzitzeko aplikazioak, noranahi joan gaitezen laguntzen diguten erremintak eta abar. Xedea da gauzak are errazago egin ahal izatea, bizimodua erraztea, hain zuzen.

Gero eta ageriago azaltzen denez, hizkuntza hegemonikoen eta hizkuntza txikien arteko tartea gero eta handiagoa da. Horiek horrela, hiztun elkarte txikietako hiztunak hizkuntza hegemonikoen mendeko dira… gero eta mendekoago. Ondorioz, komeni da errealitate horri ausardiaz, erabakimenez eta eragingarritasunez erantzutea, gure indarrak mobilizatuz, ez inori kontra egiteko, gure hizkuntzari eta kulturari toki duina segurtatzeko baizik… Eta hori guztia egin dezakegu gure sortzaileen, argitaletxeen, itzultzaileen zein bestelakoen ekarpena aitortuz eta indartuz, hizkuntza hegemonikoek bazterrean dagoen guztiaz jabetzeko izan ohi duten harrapakari sena erabat baztertuz.