Txikitik handira
Badira urteak, hitzaldi batean, hizlarietako bat euskaraz ekoitzitako produktuak eta beste hizkuntza batzuetan landutakoak alderatzen ibili zena. Gure txikitasuna azpimarratu zuen, eta hainbatetan, euskarazko kontuetan gertatu ohi denez, halako tristura eta ezintasuna nabari zitzaion hizketan. Banioen, esan, zeinen tristeak garen euskararen inguruabarrean gabiltzanok! Halandaze, entzuleetako batek adierazi zion abiapuntua okerra zela. Euskarazko produktuen salmenta eta beste hizkuntza batzuetakoak ezin zirela, besterik gabe, alderatu, hizkuntza bakoitzak barruratzen duen hiztun-elkartea, hots, halako produktuak kontsumitzeko balizko erabiltzaileen kopurua, zeharo desberdinak direlako. Adibideetara ekarrita, kontsumitzaile potentzialen arabera alderatuz gero, euskarazko produktuak dezente gorago azaltzen ziren. Kontua bestelakoa da: kontsumitzaileak gutxi izanik, oso zaila da ekonomiaren ikuspegitik bideragarriak diren produktuak ekoiztea. Eta hori konpentsatzera datoz herri-erakundeek sustatzen dituzten dirulaguntza-politikak.
Bolo-bolo dabil adimen artifizialaren autua, hizkuntzei aplikatuta ere bai. EHUren altzoan, Miramar jauregian antolaturiko jardunaldi batean, Espainiako Gobernuan horren ardura daramanak demaseko kezka azaldu zuen, arlo honetan, gaztelaniaren geroarekiko. Jardunaldia Murtzian egin zitekeen berdin-berdin, ofizialak diren gainerako hizkuntzei buruz inolako aipamenik, kezkarik, sentiberatasunik ez baitzuen azaldu. Gaztelania, Espainia eta, bereziki, itsasoz haraindi, Latinoamerikako lurraldeak hizpide izan zituen.
Kezka zabaldu da euskarak eremu honetan lekua hartu eta inbertsioak egitea garrantzitsua delakoan. Dena dela, ni nago gure eredua ezin dela izan hizkuntza hegemonikoek darabiltena. Gure txikian, eredu arrunta kopiatzen ahalegintzen bagara, jai daukagu! Bitartekoak urriagoak dira… Eta eredu propioa garatu behar dugu, gure sortzaileak, kulturgileak eta bestelakoak zainduz. Gure txikian, gure ekosistema indartzen saiatu behar dugu, ordeztu edo ahuldu beharrean. Ahotsa birsortzeko tresnak, erreproduzigailuak, idatzizko testuak ekoizteko aplikazioak eta abar luzea sortzeko demaseko testu-multzoak behar dira eta, testu horien atzealdean, sortzaileak daude, gure hizkuntza baliatzen, sustatzen, indartzen eta hari eusten saiatzen diren askotariko eragileak daude. Horiek guztiak behar ditugu ilbandu, arlo honetako askotariko ikerketetan parte hartzeko modu eraginkorrak eskainiz, baliabideak esleituz eta hortik eratorritako onuretan ere parte hartuz.
Kezkak kezka, badaukagu aukera gure hiztun-elkartea ikusarazteko eta indartzeko, horretarako, ahalegina egin behar dugu, komunitate-ahalegina, gutxi batzuen onura bilatu beharrean.