Azkenaldion entzuten gabiltzan kontua da. Sakoneko aldaketak, egiturazkoak, ari dira gertatzen eta horrek isla dauka hauteskundeetako emaitzetan. Ez nago seguru baieztapen horrek oinarri sendorik duen. Izan ere, azken hamar urteetako emaitzei erreparatuz gero, ohartuko gara politika eta politika egiteko moduak berritzera zein eraldatzera etorritakoak, egun, noraino iritsi diren eta zer-nolako pisua daukaten, hain zuzen ere. Motiboak ugariak izan dira: barne liskarrak, aulkien banaketan izan diren norgehiagokak, jarrerak eta, barruratzen zuten aniztasun hori kudeatzeko orduan, izan dituzten desadostasunak. Kontua da alderdiko kide batzuen interesak jarri dituztela guztiaren gainetik... Eta horrela suertatu dira kontuak.
Aurrekoak etsipena sorrarazi du eta pertsona askoren esperantzak ezerezean geratu dira. Pertsona ugarik, gauzek zeuden-zeudenean jarraituko dutelakoan, hauteskundeetan parte hartzeari uko egin dio edota zerbait eraikitzera baino lagun hurkoa desegitera bideratutako aukerak indartu ditu. Halako zerbait sumatzen da Euskadin eta Katalunian egin berri diren hauteskundeetako emaitzetan. Arreta biziz aztertu behar dira emaitzok, herrak politika baldintza ez dezan. Gauza bat da oposizioan egotea, jendearen gogoekin, nahiekin jolasten ibiltzea eta kalea berotzea; aitzitik, oso bestelakoa da erabakiak hartzea, agintean dagoenak badauzkan mugen eta baliabideen inguruabarrean. Erabakiak hartzea tokatzen den bakoitzean, nekez asebeteko dira guztien uziak eta, beraz, itxaropenak, eskakizunak eta emozioak ondo kudeatu beharko dituzte politika deitzen den horretan jarduten duten guzti-guztiek. Ikusi bestela abertzaletasunarekin zer gertatu den Katalunian. Independentzia aldarrikatzetik parlamentuko erabateko gehiengoa galtzera iritsi dena, den-dena oso epe laburrean.
Akaso, gizartearen zati esanguratsu batek ez du ikusi behar besteko aitzindaritzarik, kemenik, indarrik, batasunik, gogorik zein gaitasunik zerbitzu publikoak kudeatzeko, bai eta autogobernuaren eremuan urrats sendoak emateko orduan ere. Dena ezin zaio abertzaletasunari egotzi, ados... baina ildo horrek ere badauka zer hausnartu eta zer pentsatu, frustrazioek eta etsipenek ez dutelako burujabetzarako lurra umotzen eta bai, ordea, antzu bihurtzen. Ez da erraza izango Kataluniako emaitzak kudeatzea. Trabaz beteriko egoera batera irits gaitezkeela ematen du eta, blokeoaren ondoren, hauteskundeak errepikatu beharko balira, ez dakit egoera are hobea izango litzatekeen. Nago, inoiz baino beharrezkoagoa dela elkarrizketa bidean sakontzea, zauriak ixteko borondatea erakustea, bai eta adostasun berri batzuetara iristea ere, Espainiak barruratzen duen nazio aniztasuna aitortuz eta nazio historikoei behar adinako lekua emanez. Ez dago beste biderik, nire ustez, baina zalantza handiak ditut politikatik baino ikuskizunetik gehiago daukan Espainiako politika heldutasun horretara iritsi den.