Kontu jakina da Frantziako Iraultzaren hastapenetan, iraultzaren arrazoiak eta helburuak gizarteratu behar zirenean, tokiko hizkuntzak erabiltzen zirela. Izan ere, frantsesa Frantziako eremu batzuetan baino ez zen baliatzen artean. Gerora, ordea, argudiatu zuten tokian tokiko hizkuntzak erabiltzea herritarrak desberdintzen zituela eta hizkuntza bakarra, frantsesa, ezarri eta erabili behar zela Frantziako zein haren baitako lurralde guztietan. Ikuspegi horrek iraun du eta iltzatuta segitzen du Frantziako Konstituzioan. Partez, kontraesana da aniztasunean bat egin nahi duen Europan, nahiz eta aniztasun hori, tamalez, estatuetara eta estatu-hizkuntzetara mugatzen den.

Frantziako ikuspegi horrek bidea egin du hainbat estatutan. Espainiari doakionez, XIX. mendeaz geroztik, ikuspegirik jakobinoena josi zaie eskuin zein ezkerreko mugimendu eta alderdiei, horrenbeste non berezko hizkuntzak baztertu eta lurraldeak ustezko estatu bateratu batean irabiatu nahi izan diren. Esanguratsua da ikuspegi horretatik, XIX. mendeko lehen herenean, probintzien izenak ezarri zirenean, barruratu zen helburua: Madrilen hartzen ziren erabakiak albait bizkorren iristea eta betearazten saiatzea lurralde osoan. Hortik gatoz... eta jarrera zentralista, bateratzaile eta baztertzaile horren aurrean, erresistentzia eta autoafirmazio-mugimendu kulturalak, sozialak eta politikoak eratu ziren, batez ere, Euskal Herrian, Katalunian eta Galizian.

Uztailaren 23an, Espainiako Hauteskunde Orokorrak direla, bi aukeren artean erabaki behar dugu. Batetik, iraganetik datorren joera zentralista, bateratzailea eta baztertzailea indartzea, PP eta PSOE alderdiek, intentsitate handiagoz edo txikiagoz aldezten dutena... edo jarrera menderatzaileen aurrean, erresistentzia, hizkuntza aniztasuna, gure hizkuntza eta kultura, autogobernua eta abar indartzea. Eta hori abertzaletasun demokratikotik eta historikotik egin daiteke bakar-bakarrik, bera delako mende pasatxoan sinesgarritasuna irabazi duena, lorpen garrantzitsu guztien atzealdean egon dena, aldi luzeetan legez kanpo egon den arren, baina orduan ere bai.

Norbaitek esan lezake EH Bildu langintza horretan dagoela… baina mezuei erreparatzea baino ez da behar kontura gaitezen EH Bildurentzako auzia gobernatzeko aukerak dituzten bi hautagaien artekoa dela, eta berak PSOEren aldeko hautua egina duela lehia horretan. Ondorioz, pentsa daiteke, PSOEko hautagaiaren makulu izatea beste helbururik ez duela... Eta hori ere ulergarria da, era agerian adierazten ez den arren, herri honek burujabetzaren norabidean eginiko urrats bakar batean ere ez delako egon. Are gehiago, abertzale izaera lausotuta, muzin egin ez eta irrika handiz babestu ditu, gure autogobernua kimatzeko asmoz, Podemos zein PSOEk onetsitako arau eta neurri guztiak.

Zinez, hemengo kontua ez da Sánchez edo Feijóo garaile ateratzen den, hemengo kontua da bi hautagai horien aurrean gure interesak ondoen nork defendatuko dituen, dena berdindu, gure autogobernua kimatu, gure izaera ezerezean urtzea bilatzen dutenen aurrean... Eta ekuazio horretan ez dago EH Bildu, EAJ-PNV baizik.