Síguenos en redes sociales:

Talaieroa

Normalizazioa

Nago gizartearen sektore batek Espainiako eskuinaren eta eskuin muturraren arteko akordioak baliatu nahi dituela PP alderdiaren boto-emaile batzuk uxatzeko eta, beste aldean kokatzen direnak, eskuinak goberna dezakeela etengabe azpimarratuz, mobilizatzeko... baina ez dakit ekuazio hori ikuspegi oker batetik eraiki ote den. Izan ere, iruditzen zait eskuinaren jardun bateratuak islatzen duena dela posible dela ezkerrari, bai eta ezkerreko gobernua sostengatu dutenei ere, gainjartzea eta, horren ondorioz, gobernatzea. Beraz, iruditzen zait esperantza horrek are gehiago mobilizatuko dituela boto emaileak, bereziki norabide jakin batean. Hala berean, nire irudipena da eskuin muturra gero-eta egonkorrago azaltzen dela, aldi luze baterako gure artean izango dela eta Europako herrialde ugaritan gero-eta normalizatuago dagoela. Egoera hori behar dugu kudeatu epe laburrean, ertainean eta luzean pentsatuta.

Geure buruari galdetu beharko genioke eskuinak eta eskuin muturrak zergatik ari diren bidea egiten. Errazena, enpresaburuek, erreakzionarioek, hedabide-taldeek zein bestelakoek antolatu duten halako estrategia bati egoztea da. Sinplekeriak! Horiek ergelkeriak baino ez dira, nire ustez. Sakonera begiratu behar dugu. Bada, eskuineko alderdiak ez dira gotortzen ari eremu aberatsenetan, bestelakoetan ere bai. Ondorioz, pentsa liteke pertsona andana batentzat ustezko ezkerrak ez duela ilusiorik pizten eta ez duela horien arazoak zein gabeziak bideratzeko balio.

Antzeko kontuak suerta daitezke hamarkadetan gobernatzen aritu direnentzat. Beharbada, iritsi gara halako autosufizientzia eta autokonplazentzia maila batera non ez dugun ulertzen, garenak izanda, nola jendeak ez digun sasoi batean beste botorik ematen. Beharbada, eta hipotesi bat baino ez da, kontua ez da bakar-bakarrik herritarrengandik aldentzen ari garela, entzungor egiten dugula eta arazoak kudeatzea ekiditen ari garela. Akaso, gure gastu/inbertsio publikoen begirada, lehentasunak birpentsatu behar ditugu. Diru gehiago gastatzeak ez baitu, nahitaez, hobeto egiten ari garela edo eragingarriagoak garela adierazi nahi. Apika, inbertsioetarako lehentasunek ez dute herritarren beharrekin zein lehentasunekin bat egiten. Beharbada, behinola errepikatutako kudeaketaren jostura haririk gabe egiten ari gara eta hori gero eta gehiago nabarmentzen ari da. Igual, bikaintasuna bilatzen duen administrazio batean jarduteko, eredugarri diren pertsonak izendatu behar ditugu, ez, ordea, arduratik ardurara saltoka dabiltzanak. Ezen, arlo bat, zeinahi dela, kudeatzeko, gaiaz dakitenak, irizpide batzuen inguruabarrean proiektu bat garatzeko, eta ez, besterik gabe egoteko, gai direnak izatea erabakigarria baita... bestela, eremu horietan ari diren funtzionarioen mendeko gara, horrek dakarren guztiarekin.

Beharbada, herritar garen neurrian, inguruari begiratua ematea komeni da. Deiak egin ditzagun erakunde desberdinetako webguneek iradokitzen dituzten zenbakietara, ea norbaitek, zenbat denboran eta nola artatzen gaituen... egin dezagun azterketa bat zerbitzuz zerbitzu, erakundez erakunde jakiteko eraginkorrak diren... eta, halakorik ezean, ekidin ditzagun esplikazioak. Bilatu soluzioak! Herritarrak horren eskean ari dira eta!