Herri honetan, gertaerarik lazgarrienak, gogorrenak, mespretxu eta arbuiorik latzenak zuritu dira balantzaren bestaldean askotariko gertaerak jarriz. Hori horrela, hainbatetan, beste aldera begiratu da, horrenbeste, non erantzukizunak ere onetsi ez diren, ez eta zuritu ere, gerra zikina deitutakoa antolatzen eta garatzen ibilitakoen eta tortura zein bestelako bideak baliatu dituztenen aldetik... Eta bide bera erabili izan dute indarkeria, mehatxua eta izua estrategia politiko jakin bat, pentsamendu bat ezartzen, orokortzen saiatu direnen partetik. Ikuspegi horren arabera, lohia basatzak orekatzen du, batzuen kontzientzien lasaitasunerako.

Kontakizun partekatuaren kontua estakurua da, nire ustez. Kontakizun horretan, askotariko gertaerak maila berean jarri nahi direnean, are gehiago. Estatuaren altzoan, zein gerizpean, antolaturiko indarkeria argitu ez ezik erantzukizunak ere zuritu behar direla azpimarratzea eskakizun demokratikoa da... eta ezinbestekoa ere bada, sistemak sinesgarritasuna irabazteko, oxigenatzeko, biktimei eragindako mina zelanbait arintzeko, bai eta gizartean bizikidetza iltzatzeko ere. Aldi berean, estatuaren errepresioa gorabehera, indarkeria aldeztu, sostengatu, babestu eta praktikatu dutenek ere badute antzeko bidea egin beharra, tentuz hartutako hitz alanbikatuen erabileratik harago iristen dena.

Asteon, entzun ditugu Espainiako Kongresuan Mikel Zabaltzaren kasuan inplikatutako guardia zibilaren izendapenaren inguruabarrean egin diren kritikak. Uste dut higiene kontua baino ez dela delako militar hori kargutik kentzea. Auzo lotsa eragiten du arloko ministroak esan dituenak. Negargarria ere bada, etsigarria ere bai... epaile izanik berak indarkeriari aurre egiteko hartutako hainbat erabaki eta bere eskuetara iritsitako tortura kasuekiko erakutsitako jarrera... baina irmotasun berarekin gaitzetsi behar dira beste talde batzuetako buruzagiek erakutsitako jokabideak, politikaren lehen lerroan segitzen baitute indarkeria aldeztu, babestu eta praktikatu zutenak, inolako erantzukizun praktikorik hartu gabe. Ez diet inoiz entzun ETAren hamarkadetako jardunaren ostean, argitu gabe segitzen duten gertaerak argitu behar direla, ez eta han-hemen diren gorpuzkinekin zer gertatu zen ere, haien senideek horren berri izan eta mina arintzeko modua izan zezaten. Beharbada, egia osorik bageneki, batzuen ustezko epika hori ezerezean geratuko litzateke. Liburu berri bat ezin idatz daiteke, aurreko kapituluei, guzti-guztiei, bukaerarik eman gabe!

Eta liburuaren azken kapitulua itxi gabe dagoela, bateko eta besteko indarkeria sufritu dutenak, era berdintsuan eta bateratuan, inolako azalpenik gehitu gabe, berdindu nahi izatea ere ez da zilegi... eta halakoetan, halako edo besteko nazioarteko ereduak gaingiroki aipatuz, abstrakzioa ere ezin egin daiteke, distantzia ezin har daiteke. Horrek berriro ere gizatasuna ezerezean lagatzea dakarrelako, biktimak eta biktimarioak berdintzea dakarrelako, biktimei laidoa ez ezik, eragindako mina areagotzea dakarrelako.