Diogu gure gizartea askotarikoa dela eta elkarri entzutea ezinbestekoa dela, baldin eta elkar ulertuko badugu eta adostasunera iritsiko bagara. Kontua da hitzetatik ekintzetara igarotzen garen aldiro konturatzen garela aniztasunaren kudeaketa ez dela horren erraza. Adibiderik behinena ezkerrekoak omen diren alderdietan antzeman daiteke, etengabekoak direlako ezinikusiak, kontrakotasunak, azpijokoak, bai eta aitzindaritza eskuratzeko asmoz, ukondokadak ere. Halakoak suertatzen diren bakoitzean, gogoratzen ditut aspaldiko lagun batek kontatutakoak.

Espainian, XX. mendeko diktadurarik luzeenaren eta ankerrenaren buru jardun zuen diktadorea ohean hil ostetxoan, Basauriko kartzelan zegoen preso arrazoi politikoengatik. Halako batean, patio denboran, ezker muturreko bi kide zebiltzan eztabaida ezin beroagoan, nonbait, euren alderdian geratzen ziren azken kideak zirela, gainerako guztiak aldendu zirelako edo alderditik kanporatu zituztelako. Kontua da, berak zuzenean ikusi eta entzundako eztabaida gogorraren emaitza izan zela batak bestea alderditik kanporatzea, bi kideko alderdia izatetik pertsona bakarrekora izatera igarota... edo inor ez izatera.

Sasoi batean, politikak engaiamendua galdatzen zuen, bai eta, hainbatetan, arriskatzea ere, norberaren ondasunak zein ongizatea arriskuan jarriz. Denboraren joanean, ordea, konpromiso hori lausotuz joan da... eta gero eta gehiago dira eremu pribatuan maila bereko bizibiderik ateratzeko edota protagonismorik izango ez luketen pertsonen jardun-eremu bilakatu dena. Horri horrela, gero eta gehiago ugaritu da politika ez beste jardunbiderik, ez eta beste aterabiderik ere, ez duten pertsonen kopurua, horrek dakarren guztia aintzat hartuta, kosta ahala kosta eremu horretan iraun behar dutelako eta irauteko eginahalak egin behar dituztelako. Gertakari hori arriskutsua da oso, herritarren, alderdien eta bestelakoen gainetik norbera jartzeko asmora erraz lerra daitezkeelako!

Ezkerrekoak omen diren hainbatek hitz egiten dutenean, halako nagusitasun moral eta etikoa dutela aritzen dira, gainerakoei zer egin behar duten, zer pentsatu behar duten, nola bizi behar duten esaka. Halaber, ez dira gorritzen gainerakoei buruz aritzen direnean, batzuen esfortzua tarteko, ondo bizitzera iritsi badira ere. Abadeek pulpitutik edota medikuek kontsultan egiten zutena/dutena errepikatzen dute behin eta berriro herabetu gabe, egiten duten horretan baino, aldarrikatzen duten horretan arreta jarri behar dugula diotelarik. Nago mezu mesianikoak aldarrikatzen dituztenei ihes egin behar diegula, ortodoxia, itsukeria eta sektarismoa, ez besterik, hedatzen ahalegintzen diren horietatik, ez dagoelako elkar aditzerik, ulertzerik, ez eta adostasunetara iristerik ere.