Egiatan, ez dakit igitaia eta mailuaren bandera eskuartean darabilten gutxiek zein gizarte mota bila-tzen duten, ez eta zein mundutan bizi diren ere. Izan ere, denbora luzea igaro ez ezik, testuingurua ere biziki aldatu da halako ikurrak asmatu eta erabiltzen hasi zirenetik... Eta denborak erakutsi digu halako ikurren azpian egon diren erregimenen egiazko bisaia, herritarren eskubideak hankapean hartu eta menpean izan dituzten gizarteen aurrerapena galgatu dituena. Are gehiago, errepresioa eta basakeria izan dira halako erregimenei eusteko eta denboran iraunarazteko heldulekuak. Horrexegatik, harriduraz hartzen eta harrigarri suertatzen zait igitaia eta mailua izatea Ukrainako errefuxiatuak dauden tokietan azaltzea, izua delako halako ikurrek munduan irudikatzen duten bakarra.

Iragan larunbatean, Santimamin izandako futbol-partidan zenbait pankarta eta ikur azaldu ziren, zeharka, Errusiak lurralde subirano baten kontra egiten ari den gerra justifikatzeko asmoz eginak. Zinez deitoragarria! Halakoak eramaten dituztenek badiote eskubidea dutela horretarako, baina ez dute esaten defendatzen duten erregimenak ez dietela maila bereko eskubiderik aitor-tzen menpean dituen herritarrei, erregimen horren kontrako jarrera oro bazterkeriaz, isunez, kar-tzelaldi luzez edota heriotza-zigorraz jazartzen delako.

Munduko Osasun Erakundeak aditzera eman duenez, Errusiak, dagoeneko, seiehun osasun zentro baino gehiago suntsitu ditu; ehunka ume dira errusiarren erasoaldiak akabatu dituenak; milaka zibil sakaildu eta hobi komunetan hilobiratu dituztenak; eskolak, instalazio elektrikoak eta abar... Ukrainak, azpiegituretan eta bestelakoetan, hamarkada batzuk egin ditu atzera, eta dena zergatik? Tsar baten oinordekoa dela uste duen arlote batek Ukraina boltxebikeen eta Errusiar Iraultzaren asmakizuna dela sinistuta dagoelako... eta lurralde hori Errusiaren parte dela barruratu duelako, pasa den urtean, uztailaren 12an artikulu luze baten bidez aditzera eman zuen bezala. Santimamin eta bestelakoetan pankartak-eta erakusten dituztenek gozamenezko bidaia egin beharko lukete horren gustuko duten paradisura... Eta bizi, luxuzko hoteletan ez, turista modura ere ez, herritarren artean eta hangoek dituzten baliabideekin baizik! Paradisua halakoa! Izugarrizko aberastasuna eduki daukan lurraldea eta Espainiako BPGd-ren bueltan dabilena; 2021ean, gastu militarrean, 66.000 miloi dolar xahutu zituena; estatua ezerezean laga-tzearen, enpresa publikoak eta lehengaiak pribatizatzearen ondorioz, herritar gehien-gehienen alboan, erregimena eusten dioten milaka aberats sorrarazi dituena.

Irakurri ditut Errusiak etorkizunari begira egin berri dituen aurreikuspenak, besteak beste, ikatzaren edota zerealen inguruabarrean begiz jotako hazkundeari buruzkoak, Ukrainari kendutako lurrak ustiatzetik datorrena. Hemen ez dago ezer epikarako aukera ematen duenik, lapurretaz ari gara, ahulagoa den baten kontra antolatutako eraso bati buruz ari gara!