Badago etxean inork aipatzen ez duen larrialdi bat. Ez da hipotekarena, ezta argindarraren fakturarena ere. Askoz larriagoa da: seme-alabek oparitutako marrazkien pilaketa masiboa. Nire alabei asko gustatzen zaie margotzea. Batzuetan folio zuri baten aurrean jarri eta beraien irudimena askatzen dute. Beste batzuetan zaharrenak koaderno bateko marrazkiak kalkatzen ditu eta gero biek margotzen dituzte. Eta sarritan ordenagailutik irudiak inprimatzen ditugu, gero kolorez betetzeko. Askotariko sistemak ditugu, baina emaitza ia beti bera da: “Ama, zuretzat”. Lehenengo marrazkia altxor bat da. Bigarrena ere bai. Hirugarrena, noski. Berrogeigarrena ere samurtasunez jasotzen duzu, baina une batean konturatzen zara 550.833 marrazki dituzula etxean eta matematikak ez duela barkatzen. Zer egiten dute gainerako amek egoera horretan? Benetan jakin nahi dut. Ba al dago biltegi sekreturik? Marrazkiak gordetzeko homologatutako lurpeko bunkerren bat? Gainera, botatzea ez da aukera erraza. Marrazki bat zakarrontzira eramatea froga moral baten antzekoa da. Eta okerrena da harrapatzen bazaituzte. Beraz, nik irribarre egiten dut, marrazkia hartu, “ze polita!” esan, eta nire barruko ahotsak xuxurlatzen du: “Beste bat? Benetan beste bat?”. Badakit luxuzko arazoa dela hau. Marrazki bakoitzaren atzean maitasun zati bat dago. Nigan pentsatu dutelako egin dute. Niretzat. Eta, urte askoan “ama, zuretzat” esaten jarraituko dutela espero dut. Nik, bitartean, biltegiratzeko irtenbide berritzaileren baten bila jarraituko dut.