Síguenos en redes sociales:

Erredakziotik

Sara Cortés

Zuzendariordea - Subdirectora

Eszenatokira bidean

Badira ama izatearen gauza txiki batzuk inork behar bezala azaltzen ez dizkizunak. Adibidez, seme-alabak edozer egiten ikustean begiak malkoz betetzeko joera. Ni horietakoa naiz. Ez dut aitzakiarik bilatuko: June herriko danborradan jotzen ikusi edo bere ikasturte amaierako festan dantzan ikusi, eta han nago ni, emozioari eutsi ezinik. Gaur, gainera, egun berezia da. June berriz igoko da eszenatokira. Hip-hop dantzatzera doa eta ni lehenengo filan egongo naiz, bihotza bera baino gehiago dantzan dudala. Gogoan dut eskolaz kanpoko ekintzen garaia hasi zenean aukera guztiez hitz egiten geniola: igeriketa, judoa, mila gauza gehiago. Berak, ordea, hasieratik argi izan zuen zer nahi zuen. Dantza. Eta kitto. Urte batzuk daramatza hip-hopa egiten, eta aurpegian jartzen zaion irribarrea ikustearekin nahikoa da ulertzeko asmatu zuela. Horixe ere bada ama izatearen zatirik ederrenetakoa: konturatzea haurrak pixkanaka hazten direla eta, ohartu orduko, beren bidea egiten hasten direla. Orain, dantzaz gain, pianoarekin ere ausartu da. Eta aitortu behar dut harrituta naukala. Bi klase besterik ez ditu egin, eta etxean dugun organoan dagoeneko “Zorionak zuri” jotzen du. Ez dakit gure pazientziaren amaiera izango den, baina momentuz ilusioz bizi dugu. Gaur eszenatokian ikusten dudanean, ziur asko malkoak aterako zaizkit berriro harrotasunagatik. Seme-alabak haztea ere horixe baita: hegoak nola zabaltzen dituzten ikustea, eta haiek aireratzen diren bitartean, gu behean geratzea, txaloka eta, tarteka, malkoren bat lehortzen.