Síguenos en redes sociales:

Erredakziotik

Sara Cortés

Zuzendariordea - Subdirectora

Etxeko susto goxoak

Badira etxean aldaketa batzuk isilik sartzen direnak, abisurik gabe, eta zuzenean bihotzera doazenak. Gurean, aldaketa honek bi urte ditu eta Maia du izena. Orain dela gutxi arte, gure alaba, izaki ñimiño, baina aginpide handikoa, ez zen inoiz bere kabuz ohetik irteten. Esnatzen zenean, argi zuen zein zen jarraitu beharreko protokoloa: “Amaaaaa!” edo “Amatxooo!” oihu epiko bat, eta gu, etxeko bi zonbi, berehala jaikitzen ginen, begiak erdi itxita eta bihotza oraindik lo genuela. Hala ere, gauzak aldatu egin dira. Eboluzioaren hurrengo urratsa iritsi da, eta ez geunden prest. Orain Maia autonomoa da. Bai, “autonomoa”: esnatzen da, ohetik jaisten da ahal duen moduan (nik uste ninjaren teknikarekin pixka bat), eta isil-isilik gure logelaraino iristen da. Eta bat-batean oihu bat… “AMAAAAAA!!” edo abesti bat kantatzen agertzen da, edo zuzenean ohera igotzen da. Eta gu? Bihotza ahoan, adrenalina topera, eta bizitzaren zentzua zalantzan. Ez dakit zer den okerragoa, urrutitik bere garrasiarekin esnatzea edo orain, iluntasunean, aurpegi txiki bat bat-batean gure ondoan agertzea. Ez du nire alaba ematen, beldurrezko film bateko protagonista baizik. Hala ere, egia esan, badu bere xarma. Asaldatuta esnatzen gara, baina barre gehiago egiten dugu. Gainera, badirudi etxeko iratzargailu berriak ez duela atzerapen botoirik. Eta, egiari zor, sustoak egunero egon arren, ez genuke iratzargailu hau baino gehiago nahi. Azkenean, luxua da norbait horrelako ilusioarekin esnatzea, bihotza dantzan duela.