Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Gotzon Lobera

Baneu eta balitz

Baneu eta balitz, alkarren onduen dabilz” esaten zidan askotan gure amaginarreba Miren zenak. Ereduzko andrea, jakintza handikoa eta besteongandik onena ateratzeko trebezia zuena. Zoritxarrez, geroago eta gutxiago dugu haren modukorik. Bere buruari dena eta gehiago eskatzen zion, eta besteoi haren eskutik zegoen guztia eta gehiago ematen zuen. Joan egin zitzaigun gorputz hilkorrez, ez, ostera, buruz.

Hark, San Andres Etxebarriko mendiko baserri batetik Bilbora aldatu zenean, 1970ean, Franco artean bizi zela, edozein dendatara sartzen zenean, euskaraz egiten zuen, eta nik behin itaundu nion ea zergatik egiten zuen hori; hark berehala erantzun zidan esanez bere euskalduntasuna agertzeko eta beste baten bat topatzen bazuen haren bezero egiteko egiten zuela. Hura euskaldun osoa zen, ez berbaz bakarrik, zentzuz ere bai. Berba bat eta bakarra. Bizitzan asko sufritu zuen, baina ez zuen horren berririk ematen, mina berarena zen eta. Eta joan egin zitzaigun, eredua emanez, ez esanez, ezpada eginez.

Aukera galduen inguruan, hauxe esaten zuen: “Baneu eta balitz, alkarren onduen dabilz”. Bestela esanda, eretia dagoenean egin behar zaio aurre topatzen dugun erronkari. Ez iskin egin eta gero esan egin ahal izan banu. Alferrik da damua, alferrik negarra. Izan ere, bidegabekeriak, maila politikoan behin konponduta gero ere, bidegabekeriok badiraute ekonomia eta gizartearen bizimodua andeatzen. Egin ahal izan zena ez bazen egin, alferrik da.

Izan ere, kanposantuak asmo onez beteta daude. Inora joan ez ziren asmo onez. Robert Gravesek esan zuen moduan, guduak edadeko gizonezkoek antolatzen dituzte euren seme-alabak ez diren gazteak hiltzeko, betiere interes aitorrezinen mende. Ezintasuna datorkit burura. Izatearen arintasun negargarria, Milan Kunderak esango lukeen moduan. Eta, iritziak iritzi, esanak esan, gure ama Mirenek esaten zuena etortzen zait gogora behin eta berriro: “Baneu eta balitz, alkarren onduen dabilz”, bai Israelen eta bai Iranen.