Mesa de Redacción

Zero kilometroko arrazismoa

07.06.2020 | 00:12

GEORGE Floyden hilketa izan da azken hilabeteotan pandemiari gaurkotasun izpi bat kentzeko gai izan den arlo bakarra. Black Lives Matter mugimenduarekin elkartasuna agerrarazteko beharrak Atlantikoa zeharkatu du, lehenago Mee Too-rekin gertatu zen bezalaxe. Sare sozialak beltzezko argazkiez eta dolu erakustaldiez bete dira, Estatu Batuetan gertatzen diren zapalketen kontrako gaitzespena agertzea ezinbestekoa bailitzan. Besteen faltak aurreko aldean, geureak bizkarrean. Izan ere, tokikoari ematen zaion balorea zein den jakinik, kuriosoa da zero kilometroko arrazismoa ikusezina izatea gure begietara. Izen eta abizenik gabe Mediterranoan ito-tzen diren milaka migranteek eta asilorik jasotzen ez duten errefugiatuak ustekabean desagertu omen dira aste honetan. Urrutiko bidegabekerien kontrako gaitzespen olatuarekin bat egitea ondo dago trending topic izateari uzten dionean kontsekuente izateko konpromisoa baldin badago. Bestela Madrilgo argitaletxe baten Instagram kontuan atxikimendua adierazteko argazkiak igo ordez beltzak diren autore latinoamerikarren lan gehiago zergatik ez ote dituen publikatzen aurpergiratzen duten iruzkinak irakurtzen jarraituko dugu. Eta eskala pertsonalera eramanda, ezer gutxi lortuko duzu like gutxi batzuk irabazteko asmoz partekatutako irudien bitartez Magrebeko gazte batekin gururatzen zarenean zure zorroa tinkotasunez eustearen keinua ekiditea ezinezkoa egiten baldin bazaizu.

aaraluzea@deia.eus

Blogs de Deia
Foros Deia