Komunikabideetan suizidioen berri ez emateko hitzarmen inplizitua XVIII. mendetik herrenka datorren kontua zela irakatsi ziguten Kazetaritzako Fakultatean. Johann Wolfgang von Goethek 1774an ida-tzitako Werther gaztearen nahigabeak nobelari egotzi baizitzaion lehen aldiz buru-hilketak ugaltzeko eragina. Idazle alemaniarraren obrako protagonistak bere buruaz beste egitea erabakitzen du maitasunak eragindako sufrimenduen ondorioz. Hainbesterako izan zen gazteen artean eleberriak erdietsitako ospea, irakurleetako askok pertsonaia nagusiaren bide bera jarraitu zutela. Hori dela eta, Europako zenbait herrialdetan bere argitalpena debekatu zen, era batean gerora suizidioen areagotzea ekiditeko hedabideetatik bultzatu den isiltasun itunari hasiera emanez. Azken datuen arabera, Euskadin 180 pertsonek egiten dute bere buruaz beste urtero, trafiko istripuetan hiltzen direnak baino hiru aldiz gehiago. Horregatik, suizidioak sahiesteko estrategiak aldatu beharra dagoela ohartarazi dute adituek. Besteak beste, komunikabideek egin dezaketen prebentzio lana jarri dute agerian, betiere erantzunkizunez jarduten bada sentsazionalismoa alboratuz. Izan ere, kasu gehienetan desorekak dituen pertsonak ez omen du heriotza bilatzen, baizik eta bere etsipenari amaiera ematea. Gogorarazi beharko genieke egoera honetan daudenei ez dagoela ehun urte irauten duen gaitzik, guk mendeak irauten dituen Werther efekturik ez dagoela gogoratzen dugun bitartean.

aaraluzea@deia.eus