Gidatzen doanean jadanik haizetakoan moskitoak itsasten ez zaizkiola ezagutzera eman zuen Donald Sutherland aktoreak ostegunean Donostia Saria jaso aurretik. Klima aldaketaren aurrean Nazio Batuen Erakundearen jarrera kaskarra salatu zuen, eskaini zitzaion bozgorailua aldarrikapen mamitsu eta konprometitu bat egiteko aprobetxatuz. Ekintza Klimatikorako Goi Bilerak pil-pilean jarri duen gaia izanik, astean zehar hainbat titular kezkagarri irakurri ditugu: Mont Blanc mendiko glaziar bat amiltzeko zorian dagoela edota urakanek, lehorteek eta zenbait uharteren urperatzeak milioika errefuxiatu klimatiko eragingo dituztela, besteak beste. Gure haizetakoetatik zaila da oraindik moskitoen gorpuak ezabatzea, Pirineoetan elur denboraldia bermatuta dagoela dirudi, eta, momentuz, gu gara errefuxiatuak jasotzen ditugunak -teorikoki, behin-tzat-. Baina klima aldaketaren ondorioak gurera ere helduko dira. Kantauri isurialdean itsasoaren maila uste baino %65 azkarrago igotzen dagoela irakurri dugu egunotan. Bitartean, kontua gurekin joango ez balitz bezala, erredakzioko sukaldeko zakarrontzietan Coca-Cola latak aurkitzen ditut paperontzietan eta platano-azalak plastikoa uzteko edukiontzietan. Egunero gertatzen da. Ez dakit arduragabetasunaren edo negazionismoaren emai-tza den, baina Trump eta Bolsonaroren eredua jarraitzen duten lankideei honako abisua helarazi nahiko nieke: inoiz baino gehiago, zelatan nauzue.

aaraluzea@deia.eus