Behin baino gehiagotan irakurriko zenuten lerro hauen artean nola nire usterako, legeak ez diren beroan aldatu behar. Aldaketarik behar bada, ados, baina berotasunak, beste zenbaitetan bezala, ez du ezer onik ekartzen lege esparruan. La manada delako auzian ere ez zait irudi-tzen arazoa legean beran dagoenik, nahiz eta izan ditzakeen aldatzeko moduko hainbat ñabardura, hauen inguruan egiten den interpretazioan datza problema.

Kasuak, eta hiru hilabeteko atzerapenarekin eman zen epaiak, arrakala handia ekarri dute, eta ez da gutxiagorako, gure begi ulergaitzetan basakeria hutsa baita gertatutakoa, Sanferminetan jazotakoa, eta epaia bera. Onartu beharra daukat ez nuela justizian gehiegizko konfiantzarik, eta kasu zehatz honetan ere ez. Esperantza txiki bat banuen ordea nire barruan horrelako kasu mediatikoa izanik, zigorra hala-moduzkoa izango ote zenarena, jakinik gorrotoak ezin duela eragin epai batean, baina barrenak hala eskatzen zidan, zer nahi duzue esatea. Baina agudo joan zitzaidan epaia entzuterako.

Irratiz entzun nuen bozka partikularreko epaileak egindako balorazioa, eta aspaldi erabiltzen ez nuen hitz bat etorri zitzaidan burura, higuina. Txikitako marrazki bizidunek etsaien inguruan aritzeko erabiltzen zuten terminoa zen hau, nazka, narda, botagura adierazteko, eta epailearen gertatutakoaren interpretazioa entzuterakoan, ezin baitzaio horri deskribapen objektiboa deitu, horixe sentitu nuen barnean, higuina. Plazer zantzuak ikusi omen zituen bideoan neskaren aldetik. Nola nabaritu daiteke ordea plazera bera bideoan, eta aldiz, bortxa zantzurik ikusi ez. Perspektiba kontua izango da, lehen esan bezala, bere ikuspuntua.

Gure perspektibatik ordea, ezinezkoa iruditzen zaigu horrelako erabaki eta jarrera bat har-tzea. Pertsona bat bortxatu, delitua bideoz grabatu, Guardia Zibila den bortxatzaileak biktimari mugikorra lapurtu, whatsapp-ez lagunei kontatu, aurretik beste neskaren bati an-tzeko tratua eman eta hori ere partekatu izana eta abar, eta hala ere delitu zantzurik ikusi ez. Munduari begiratzeko betaurreko horiek botatzeko daude, epaile jauna. Bota eta zapaldu, txikitu, inoiz inork ezin dezan bertatik berriz begiratu. Epaile batek epaitzerakoan duen ardura gutako edozeinena baina handiagoa delako, eta ardura hori, kontuan hartzekoa da, ez mendekurako, baina bai justizia itsua dela bermatzeko eta erakusteko.

Itsua behar du izan justiziak, baten edo bestearen alde ez egiteko egokitu zaion sexuagatik edo lanbideagatik, baina are itsuagoa behar du epaileak gauzak horrela ulertzeko. Eta ez etorri orain esanez lehenagotik ere epaile honek bazituela gauza arraroak edo agian ez zela egokiena horretarako. Hala balitz, lehenagotik apartatua beharko luke, baina noski, epaileak beren afiliazioen arabera hautatzeak arrisku hori dauka, korronteak aldatzen badira ere, ibaiek beti beren bidea egiten dutela itsasoraino.