Z zaitugu maite, baina ez dugu beste aukerarik. Emmanuel Macronen hauteskunde-kartel baten gaineko egindako pintada hau Frantziako hauteskundeen bigarren itzuliak utzitako mezuaren laburpen bikaina da ze frantziar askok sudurra estalita bozkatu duten: boto erabilgarri deiturikoa nagusi, Macron edo ultraeskuina, etsipenaren botoa. Azpimarratzeko beste datu bat: Marine Le Penek galdu egin badu ere, irabazten jarraitzen du, Frantziako ultraeskuinak datu historikorik onena lortuz. Eta hirugarren bat: azken 50 urteetan abstentzioa ezezaguna, %30 ingurukoa hain zuzen. Hori kontuan hartuta, Macronek emaitzak onartu behar ditu triunfalismo-zantzu oro geldiaraziz zeren eta bigarren agintaldian beharko den zeregina aurrera eramatea ez dela batere erraza izango, arazoak eta aldarrikapenak enkistauta daudela eta. Energiaren prezioen igoeraz, milioika eta milioika frantsesen erosteko ahalmenaren galeraz edota langabeziaren eta pentsioen kudeaketaz diot, trantsizio ekologikoa eta ingurumen-politikak ahaztu gabe. Dena den bi urteko pandemiaren ondorioen aurka irmo borrokatu badu ere -orain Ukrainako gerrarekin ere- ez frantzesek ez aurkari politikoek ez diote su-etenik emango Macroni. Ahaztu ba kortesiazko 100 egun famatu hoiek. Laburbilduz: Macronen hautaketak ez du ezer ixten, dena irekita uzten du, Frantziako hauteskunde legegileak ez dira datorren ekainekoak bezain erabakigarriak inoiz izango, Lehen Ministroa zein parlamentua oposizioaren esku geratzea aukera ziurra izanez. Baina gauregungo oposizioa -sozialistak eta errepublikanoak desagerturik- bi muturretan banaturik dago, eskuinaldekoa eta ezkerraldekoa, eta biek presidentearen boterearen kontrapisu izatea dute helburu. Bata eta bestea desberdinak direla jakinda ere, ez dago soberan esaera zaharrak irakasten diguna orain gogoratzea: muturrak ukitzen dira. Politikan okerrenean bat eginez sarritan: nagikeria, populismoa, gezurrak, morrontza eta autokritika-eza.

Oharra: Bizilagunaren bizarrak ebakitzen ikusten dituzunean...