ABON egunez Urte Amaieraren Zain agertu nintzen laugarren aldiz zutabe honetan, hurrengo astean izenburua biribiltzeko asmotan baina ustea ustel gertatu zen eta zutabea hutsik covid-aren erabakiz. Eta aurten ere, oraingoz zaharrak berri. Birus honen aldaera berriaz jabetuta geunden aldez aurretik eta bere hedaduraren gaineko datuak ere ez zi-tzaizkigun arrotzak. Ezta lehen ondorioak ere, egunak igaro ahala nabarmentzen joan direnak: hainbat lagun kutsatuta, euretako asko sintomarik barik edo arinekin; zaurgarrienak atezu eta, sarri askotan, ezer ulertzen ez deneko amets gaiztoak eragindako gaixotasun eta tristeziak harrapatuta; osagile, erizain, egoitzetako jagole eta beste hainbat profesional ere egoerak gainditu eta nekeak leher eginda. Hau ikusita, gainerakoon asperdurak eta nekeak, ulergarriak izanda ere, ez dute kolorerik egoeraren gordintasun osoa pairatzen ari direnekin.

Herri erakundeetako arduradunen buruhauste nagusietako bat, seguru nago, premia sakonenak erabakitzea da, egoerari eragiten dioten zenbait aldagai eta baldintza gogoan hartuz.

Zein da -esaten du horrelakoetan, arrazoiz, lagun batek- lehentasuna? Zer, bere garrantziarengatik itxaron ezin duena? Norantz bideratu esfortzuak? Osasun eta hezkuntza sistemak, industria eta merkataritza zerbitzu eta ekoizkinak, geure egunerokotasuna... dena eta denok goaz jardunak eta ohiko moduak aldatzen birusak erakusten duen aurpegi bakoitzari aurre egiteak halaxe eskatzen duelako.

Oraintsu arte, kutsatu baten inguru hurbilekoak Osakidetzara jo, PCR-a egin eta larritasunaren araberako neurriak hartzen izan dituzte, batzuetan etxean, besteetan ospitaletan. Orain kutsatu askok ez du inolako sintomarik ezta susmorik ere birusa duenik. Gertagarriena da, gainera, honek kutsaturiko beste asko ere sintomarik barik egotea. Ezinezkoa beraz, arakatze fidagarriak egin eta kutsatuen kopuruaren berri zeha-tzik jasotzea. Lehentasuna? Okerren daudenak, hortixek hasiko baikara bideratzen gainerako premia guztiak.