OAN den urtearen amaieran munduaren, herrialdeen, eta inguru gertukoen gaineko datu asko haizatu ziren. Globalak ezagu-tzen ditugu, eta horiek aski nabarmen adierazten digute modelo ekonomikoa aldatu behar dugula. Argi dago kapitalismoak irteerarik gabeko bidean jarri gaituela. Birus berriak sortu dira eta sortuko dira tai gabe, kapitalismoak natura eta gizateria bera laboratorio gisan tratatu baititu. Mikrobio gaizto horiek munduko gizateria elikatzeko eraiki diren granja hiper-handietatik gizakiengana pasatu(ko) dira erraztasunez, eta betiko legez, autodefentsa eskaseko gutxiengoengana helduko dira bortizki. Hala irakurri dut: birusak tratu txarrak pairatzen dituzten animaliengandik gaizki trataturiko gizakiengana iragan dira, balizko egoera apokaliptikoa sortuz. Betikoek lehen munduan bizi garenok baino txarrago biziko dute egoera hori, eta horrek guztiak modu globalean izango eragin dramatikoa. Kapitalismoak birus berriak sortuko ditu, txerto berriak produzitzeko, eta horrela bizitzen ohitu beharko gara kapitalismo gor horretatik ihes egiten ez badugu.

Adibiderik sinpleena da gaur egun dauzkagun txertoak, modu oso arinean ekoitzi direnak. Horiek salbazio gisan aurkeztu ziren, baina gaur egun lehen bezain ahul sentitzen gara pairatzen ari garen olatuetan. Eta horrela, noiz arte? Bitartean, milioiak eta milioiak irabazi dituzte gaur egun multinazional boteretsu bilakaturik dauden farmazeutika horiek.

Pandemiak zerbait irakatsi digu: bizi ari garen garai edo modelo hau kaltegarria da oso. Ondorioz, birusak gure artean barneratuko dira normaltasun osoz. Alarmak aldizka piztuko dira, eta gure zaurgarritasunak ez du etenik izango.

Egoera horren barruan arinkeriaz tratatzen dira baikortasuna zabaltzen duten oharrak, sakonean dagoen arazo potoloari heldu gabe. Aditu batzuk hasi dira esaten omikron aldaera horrek paradigma aldaketa ekar lezakeela, kutsatze kasuek hartu duten abiadura ikusita. Baliteke pandemia amai-tzea, baina koronabirusa ez da desagertuko, eta kontu endemiko bilakatuko da.

Ea urte honek argia dakarkigun.