IZAKIAREN alde ilunarekin zerikusi zuzena duten bi albistek inarrosi didate bihotza aste honetan. Komentatuko dudan lehena sare sozialetan agertu da, eta eskandalagarria iruditu zait. Ehiztari batek Gredos mendilerroan mendiko ahuntz eder handi horietariko bat akabatu du. Albistea sinplea izan daiteke, horrelako ekintza arbuiagarriak astebururo egiten baitituzte milaka eta milaka ehiztarik. Kontua da, basahuntz hori bertan topatu den alerik handienetako bat izan dela. Horixe da trajedia, Gredoseko Erreserban ehizaturiko basahuntz arraren alerik handiena, Espainiako garai guztietako hogei handienen artean zegoena kontserbatu beharrean, jagon beharrean, bila joan, ikusi eta hil. Eta gero, nola ez, bere gorpuaren ondoan argazki bat atera du gizaki pobreak, irribarretsu, egindako heroitasuna lau hazietara zabaltzeko. Muturreko animalia zen, garai zaharretan ia mitologikoa izan litekeena, baina beti egongo da "naturaren maitale" basapiztiagoa den gizaki bat hura tirokatzeko.

Ulertezina iruditzen zait ekosistemaren jasangarritasun eta onurarako sarraski hori egitea (ez ote da hiltzearen plazerragatik). Hain ale berezia bazen, zergatik ez dute bertan zaindu? (Hiru letra dituen Espainiako alderdi ultraeskuindarrak horrelako ekimenak babestu eta sustatu egiten ditu).

Beste albistea pandemiari buruzkoa da, eta hein berean ere harrigarria da, gaixotasunak ekarritako egoerak modu zuzenean eragin baitu munduko populazioaren estatus ekonomikoan. Aldaketarik txundigarrienetako bat izan da desberdintasuna areagotu egin dela munduko biztanle gehienen sufrimendu pertsonalaren testuinguruan, eta ondorioz drama ekonomikoa handitu egin da. Emaitza guztiok ezagutzen dugu: aberatsak aberatsago bihurtu dira eta pobreak pobreago, eta azken horiengan miseria milioi gehiagora iritsi da. Aberatsek munduko aberastasunean izan duten parte-hartzearen hazkunderik handiena ere eman da. Azken datua izugarria da, 500 milioi pertsona muturreko pobrezian hasiko dira pandemiaren aroaren ostean.

Munduko kalte globalak, bai eta heriotza arrazoigabeak ere, zaurgarriago bilakatu gaituzte.