yO, vieja liburuaren egilea den Anna Freixasek dio kontuan eduki beharko genukeela gure zahartzaroa bizitza osoan zehar eraikitzen goazen zerbait dela. Zahartzaroa ez dela tokatzen zaizun zerbait, nahiz eta honetan zoriak eta zorteak eragina duen, jakina, baina nagusiki egunero hartzen ditugun erabakiek, ditugun jarrerek eta buru-tzen ditugun ekintzek marrazten dutela gure zahartzarorako ibilbidea. Jarrera bakoitzak zahartzaro baterako edo besterako bidean jar-tzen gaituela, alegia.

Ibilbide honen diseinuan badira kontrolatu ezin ditugun faktoreak (istripu bat, inolaz ere espero ez genuen gaixotasun bat, bizitzaren aldrebeskeria bat, edo zorte kolpe bat...), baina badira beste asko gure bizitzaren norabidea markatzen dutenak. Gainera, bide batetik edo bestetik garamatzaten akzio horiek, ez dira ekintza handiak izaten gehienetan, baizik eta eguneroko jarrerak: adibidez, egun batean lagun bati deitzeari uzten diozu, eta iristen da egun bat zeinean ez dagoen atzera bueltarik, gehiegi urrundu zarete berriz ere deitzeko, eta, hala, poliki-poliki ia adiskiderik gabe heldu zaitezke zahartzarora; egun batean erabakitzen duzu egunero kirol pixka bat egitea, eta eguneroko inbertsio horri esker heltzen zara zahartzarora osasuntsu eta aktibo; egun batean traizioa egiten diozu oso hurbil duzun norbaiti, eta erruaren pisuak zure bizitzaren amaieran gaizki sentitzera eramaten zaitu, ez zaizu zure bizitza gustatzen; egun batean, zure bizitzari benetan zentzua ematen dion horri uko egiten diozu, eta ondorioz, erresumindutako atso edo agure bihurtzen zara zahartzean, nahi zenuena egiteko adore nahikoa ez izateaz damututa.

Gure orainaldiarekin zerikusirik izango ez balu bezala begiratzen diogu zahartzaroari. Baina badu. Eta horrez gain, begirada ezkorra zuzen-tzen diogu. Baina zahartzaroari beste begi ba-tzuekin begiratzen ikasi beharko genuke, zaharra izateak nagusiki garrantzi handikoa den zerbait esan nahi duelako: ez zarela hil. Eta hori, edonondik begiratuta ere, albiste bikaina da.