Zirrikituetatik begira

Dena utzi

14.08.2021 | 00:23
Dena utzi

ORDUKO top model arrakastatsuenetako bati, Naomi Campbelli, elkarrizketa egin zioten telebistan. Bere eguneroko agenda mardulaz eta hara eta honako bidaiei buruz galdetu zion kazetariak. Naomi bere une onenean zegoen. New York, Milan, London, Paris... egun guztia atzera eta aurrera zebilela aitortu zion kazetariari. Ordainean, dirutza irabazten zuen, munduan diru gehien irabazten zutenen zerrendetan zegoen. Orduan kazetariak iltzatuta geratu zitzaidan galdera egin zion: dena utziko zenuke maitasunagatik? Gogora-tzen dut iraingarria iruditu zitzaidala galdera. Pentsatu nuen Naomi gizona balitz ez liokela inork egingo holako galderarik. Eta gaur ere, berdin. Egingo al liokete galdera hori, adibidez, Leo Messiri? Leo, dena utziko zenuke maitasunagatik? Lekuz kanpoko galdera irudituko li-tzaiguke arrakasta profesionalaren aparretan dagoen pertsona bati halakoa galdetzea, baina emakumeen kasuan, beti da ezberdin. Izan ere, emakumeen arrakasta profesionala askorentzat kointzidentzia bat baino ez da, zerbait bitxia, urte batzuetan gertatu daitekeena, baina ez dena iraunkorra, emakumearen patua beti gizon baten gerizpean egotea balitz bezala. Maitasunagatik dena utzi. Zenbat eta zenbat balio handiko emakumek utzi duten euren ibilbide profesionala (batzuk ia hasteko ere aukera ez dute izan) gizona eta harekin izandako umeak zaintzeko, haren atzean egoteko gizonak bere jardun profesionalean aurrera egin dezan. Eta zenbat eta zenbat balio handiko emakumeri egotzi diete berekoi izatea ez dutelako amore eman, euren karrera mantentzea erabaki dutelako, anbizio profesionala galtzeari uko egin diotelako.

Maitasuna deitzen diote, baina maitasuna askotan iruzurra bihurtzen da emakumeentzat. Naomiri ez zioten galdetu maitasunean sinesten duen, edo maiteminduta dagoen. Maitasuna dena uztearekin jarri zuen harremanetan kazetariak. Eta hori ez da kasualitatea. Beste batzuek ez dute ezer utzi behar maitatzeko eta maitatuak izateko.

Más información

noticias de deia